Gizartea -

GABONAK

Gabonetako argiteria murriztuko dute hiriburuetan, energia aurrezteko

Hiriburuetako udal gehienek hainbat neurri hartu dituzte Gabonetako argiteriaren inguruan: egun gutxiagotan, ordu gutxiagoz.

Donostia, artxiboko irudi batean
Donostia, artxiboko irudi batean
Donostia, artxiboko irudi batean

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Krisi energetikoaren eztabaida betean iritsiko dira aurtengo Gabonak, eta batean eta bestean hasi dira zenbait neurri aurreratzen. Besteak beste, kaleetako argiteria murriztea erabaki dute hainbat udaletan, energia aurrezte aldera. Bilboko, Gasteizko eta Donostiako udalek, esaterako, ohi baino beranduago piztuko dituzte kaleetako argiak, eta ordutegian ere, aldaketak egingo dituzte.

Bilbon, esaterako, astebete beranduago piztuko dituzte aurten Gabonetako argiak, eta asteburuetan, ordubete murriztuko dute ordutegia. Hala, azaroaren 30etik urtarrilaren 8ra arte egongo dira argiak piztuta, 18:00etatik 22:00etara. Aurreko urteetan ez bezala, aurten, ostiraletan, larunbatetan eta jai bezperatan ere, ordutegi berdina izango dute argiek, eta argiztapena ez da 23:00ak arte luzatuko.

Udalak ohar baten bidez azaldu duenez, neurri horiek "erantzukizunez eta zuhurtziaz hartu dira", egungo krisi energetikoaren arazoari aurre egiteko. Halaber, gogorarazi du Gabonetan hiria argiztatzen duten argi horiek "LEDak direla, hau da, efizientzia handikoak", eta iaz piztuta egon ziren sei asteen faktura 3.000 euro ingurukoa izan zela.

Gasteizen, bestalde, astebete aurreratuko da Gabonetako argiteriaren pizte data, hiriko dendariek hala eskatuta. Azaroaren 26an aktibatuko dituzte, baina ordutegia murriztuta: ordu bat edo bi ordu gutxiago egongo dira piztuta egunero, eta horrela, % 20 murriztu nahi da energia kontsumoa.

Arratsaldeko 18:00etan argiztatuko dituzte Arabako hiriburuko kaleak 22:00ak arte —aurreko urteetan baino ordubete lehenago—, eta asteburuetan eta abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean, 01:00ak arte egongo dira piztuta —aurreko urteetan, 03:00ak arte—.

Donostiako Udalak, berriz, aste barruan murriztu egingo du Gabonetako argiztapenaren ordutegia, eta asteburu eta jai egunetan, aurreko urteetakoa mantendu. Halaber, pizte hasiera data atzeratu egingo dute. Iaz bezala, 410.000 euro bideratuko ditu Udalak aurten argiteriara Gabonetan. Argien eguneko kostu energetikoa 4.000 eurokoa izango da, gutxi gorabehera, orain hamar urte baino % 80 gutxiago.

Bestalde, Iruñeko Udalak betiko datak eta betiko ordutegia mantentzea erabaki du. San Saturnino egunean, azaroaren 29an, piztuko dituzte argiak Nafarroako hiriburuan, eta urtarrilaren 6an itzali. Astelehenetik ostiralera 17:45etik 23:00etara, eta asteburuetan 17:45etik 01:00etara egongo dira piztuta, eta jai egun bezperatan, 17:45etik 02:00etara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Gasteizko Udala Donostiako Udala Bilbo Donostia Iruñea Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak