Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Abanton emaztea eta alaba hil zituen gizonari 22 urteko kartzela zigorra ezarri diote hilketa bakoitzeko
Akusazioak delitu bakoitzeko 22 edo 23 urte diren zehazteko eskatu zion Bizkaiko Lurralde Auzitegiari. Akatsa zuzendu eta auto berri bat kaleratu du gaur.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak zehaztu du 44 urteko espetxe zigorra ezarri diola 2020ko martxoan Abanto Zierbenan (Bizkaia) emaztea eta alaba hil zituen gizonari, 22 urte hilketa bakoitzeko.
Atzo epaia ezagutu berritan, akusazioak sententzia argitzea eskatu zuen. Epaian 22 urteko espetxealdia ezartzen zen hilketa bakoitzeko eta epaiaren zuzenbideko oinarrietan, ostera, 23.
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak auto berri bat kaleratu du gaur, idazketan burututako akatsa zuzentzeko.
Halaber, hiltzaileak 170.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimen ama eta amonari, eta 40.000 eurokoa anaia eta osaba bakoitzari.
Bestalde, behin espetxe zigorra beteta, 10 urtetan zaintzapeko askatasunean egon beharko du, eta genero indarkeriarekin lotutako formazio programetan parte hartu.
Orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian apelazio helegitea jartzeko 10 eguneko epea zabalduko da, gaurko autoa kaleratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Zinpeko epaimahaiak errudun jo zuen Abantoko gizona. Ebatzi zuenez, akusatuak 54 eta 24 urteko emaztea eta alaba "nahita" hil zituen Abanto Zierbenako familiaren etxebizitzan, eta ondorioztatu zuen akusatuak bi hilketa delitu egin zituela "azpikeriaz", "ahaidetasun eta genero astungarriarekin" bi kasuetan.