Gizartea -

Ertzaintza

Bilbon iaz bi gizon atxilotzeko gehiegizko indarra erabiltzeagatik auzipetutako bi ertzainak, absolbituta

San Frantzisko auzoan egindako bi atxiloketetan gehiegizko indarra erabiltzea leporatu zitzaien bi agenteei. EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeak ere ikertu zuen gaia, eta horrek Ertzaintzaren jokabidea kritikatu zuen.

Bilboko Epaitegia, artxiboko irudi batean.
Bilboko Epaitegia, artxiboko irudi batean.
Bilbon bi gizon atxilotzeko gehiegizko indarra erabiltzeagatik auzipetutako bi ertzainak absolbitu dituzte

0:43

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko San Frantzisko auzoan, 2021eko ekainean, bi gazte atxilotzeko neurriz kanpoko indarkeria erabiltzeagatik auzipetutako bi ertzainak absolbitu egin ditu Bilboko 10. Instrukzio Epaitegiak, eta auzia behin-behinean artxibatuta geratu da. Inguruko segurtasun kameren irudiak aintzat hartuta, atxilotuetako bati, lurrean immobilizatuta egonda ere, ukabilkadak eta ostikadak ematea leporatu zitzaien bi agenteei.

Gaur kaleratutako autoan, magistratuak dio ez dagoela agenteei leporatzen zaiena justifikatzeko frogarik, eta hori argudiatzeko, akusazioak froga gisa aurkeztutako bideoa aipatzen du. Irudiotan ez da gehiegizko indarkeria zantzurik ikusten, eta gertakarien larritasuna ez da ertzainei egotzi zaien delituaren neurrikoa. Hala iritzi dio magistratuak. Atxilotutako bi pertsona horiek zauritu ziren edota salaketarik jarri zuten ziurtatzen duen frogarik ere ez dagoela jaso da autoan.

Bien bitartean, gertakari horien harira EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeak egindako txostenaren berri eman du gaur Eusko Jaurlaritzak. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak eskatuta, aipatutako batzordeak kasua aztertu zuen, Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente ohia buru zela.

Txostenean, Ertzaintzaren jokabidea kritikatu egiten da, ez baitzuen gertakariak argitzeko barne ikerketarik egin. Horrek, batzordearen arabera, herritarren aurrean Ertzaintzak izan behar duen "inpartzialtasun eta integritateari" kalte egiten dio. "Gertatutakoa argitzeko benetako ikerketarik ez zen egon, eta inplikatutako pertsonak ere ez ziren ikertu", dio testuak.

Halaber, Poliziaren Kontrolerako eta Gardentasun Batzordeak esan du epaiketa prozesua zabalik egotea ez dela barne ikerketa ez zabaltzeko arrazoia. Ikerketa ez zabaltzeak, besteak beste, neurri zuzentzaileak hartzea zailtzen duela zehaztu dute ondorioetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Bizkaia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak