Gizartea -
Gertakaria
Bilbon emakumearen senar ohia hiltzen saiatu zen bikotea espetxeratu dute
Homizidio saiakera irailaren 26an gertatu zen. Gizon bat hurbildu zitzaion biktimari, eta labanaz zauritu zuen.
Agentziak | EITB Media
Joan den asteartean Bilbon atxilotutako bikotea espetxeratzeko agindua eman du gaur arratsaldean epaileak, emakumearen senar ohia hiltzen saiatzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez.
60 urteko gizona eta 56 urteko emakumea Bilbon atxilotu zituzten.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, hilketa saiakera irailaren 26an izan zen, eta asteartean atxilotu zuten bikotea, biktimaren etxetik gertu, Bilbo erdialdean, suzko arma bat, deskarga elektrikoetarako pistola bat, autodefentsarako aerosol bat eta hainbat arma zuri zeramatzatela.
Joan den irailaren 26an, etxebizitzatik irtetean, gizon bat hurbildu zitzaion biktimari autoan sartu zenean. Gizon horrek labana bat zeraman, eta, hark esandakoa ez zuela bete ikusita, labanaz zauritu, eta ihes egin zuen.
Ertzaintzaren ikerketak lortu zuen ustezko erasotzailea identifikatzea, eta biktimaren emazte ohia ere inplikatuta zegoela egiaztatzea, zaintzaz eta erasotzailea laguntzeaz arduratu baitzen.
Atxilotuei lesio delituak, hilketa saiakera eta armak legez kanpo edukitzea leporatu diete.