Gizartea -
Sukaldaritza
Berasateguik itxi egin du Donostiako Eme Be Garrote, eta 12tik 11 Michelin izarrera igaro da
"Michelin izarra lortu duen lehenengo sagardotegia" da itxi berri duena.
agentziak | eitb media
Martin Berasategui sukaldariak Eme Garrote Donostiako jatetxea itxi du, "Michelin izarra lortu zuen lehenengo sagardotegia", eta orain 12tik 11ra jaitsi da dituen Michelin izarren kopurua.
Berasateguik esan du Eme Be Garrote ireki zuenean lauzpabost urterako egin zuela, baina azkenean "luzatu" egin dela eta ia 10 urtera iritsi dela.
"Donostiari, eman didan guztiagatik, eman nahi nion opari txiki bat zen", azaldu du 62 urteko sukaldariak. Martin Berasategui hiru izarreko jatetxean baino prezio baxuagoak eskaintzen zituen.
"Lehiakorra naizenez, izarra lortu genuen, eta sagardotegi batek lortu duen lehenengoa da", azaldu du sukaldariak Ibaeta auzoko baserri batean jarritako jatetxearen harira. Aitarekin joaten omen zen baserri horretara sagardoa erostera.
2023an Dubain, Marbellan, Tenerifen eta Mallorcan martxan jarriko dituen lau proiektutan dago orain buru-belarri sukaldari gipuzkoarra.
Lurralde historikoak bi Michelin izar galduko ditu denbora gutxian, Hilario Arbelaitzen Oiartzungo Zuberoa jatetxea ere itxi egingo baitute urte amaieran.