Gizartea -
Hilaren 27ra arte
Euskadin baso suteak izateko arriskuak ostegunera arte jarraituko du indarrean
Asteazkenean, hilak 26, asteartean bezala, arriskua "nahiko handia" da; ostegunean, aldiz, "oso handia" izango da. Hego haizeak, tenperatura altuak eta landarediaren egoerak eragingo dute arrisku hori.
EITB MEDIA
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Eusko Jaurlaritzaren Zuzendaritzak ostegunera arte luzatu du Euskadin baso suteak egoteko arriskuagatik deitutako abisu horia. Gainera, astearte arratsalderako, haize bolada gogorrak daude aurreikusita; izan ere, haizeguneetan, 100 km/h-tik gorakoak izan litezke.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, asteartean, asteazkenean eta ostegunean baso suteak egoteko arriskuak indarrean jarraituko du. Hego haizeak, tenperatura altuak eta landarediaren egoerak eragingo dute arrisku hori. Lehen bi egunetan, arriskua "nahiko handia" izango da, eta ostegunean, aldiz, "oso handia".
Asteartean, 19:00etara arte, abisu horia izan da, halaber, hego eta hego-mendebaldeko haizeak utzitako ufadak 100 km/h-tik gorakoak izan direlako mendebaldeko haizeguneetan; gainerako haizeguneetan, 70-100 km/h artekoak izan dira.
Gainerako guneetan, hego haizeko boladak 60 bat km/h-koak izan dira, 70-80 km/h-ra artekoak ere.