Gizartea -
Bidesariak
N-1 errepidea itxi egingo dute gaur gauean Lasarte-Orian, arku bat jartzeko
Bi norantzetan egongo da itxita 22:00etatik igande goizaldeko seiak arte. Bidesariak kobratzeko eta ibilgailuak kokatzeko arku bat jarriko dute.
agentziak | eitb media
Bidegik AT Sistemako lau arku berrietatik hirugarrena jarriko du asteburu honetan N-I errepidean, Lasarte-Orian (Gipuzkoa), eta, lanok direla eta, larunbateko 22:00etatik igandeko 06:00etara errepidea itxita egongo da bi noranzkoetan.
Arkua Urnietara doan GI-3832 errepideko goiko pasabidearen parean jarriko dute, 452,500 kilometroan, eta, ahal den neurrian, toki horretako joan-etorriak aurreratzea edo atzeratzea gomendatu du Aldundiak.
Alternatiba gisa, Irungo noranzkoan doazen ibilgailuak 451. irteeratik bideratuko dira Lasarte-Oriako hirigunea N-I zaharretik zeharkatuz eta Goiegiko biribilgunearen parean berriz ere autobidean sartzeko.
Donostiatik Gasteizerantz doazenek GI-11 errepideko 1. irteera erabili beharko dute eta ibilbide bera egin kontrako noranzkoan Zubietako biribilguneraino. Irundik AP-8tik eta Donostiako bigarren ingurabidetik Lasarte-Oriara doazenek 19. irteera erabili beharko dute eta A-15 errepidetik jarraitu Andoaineraino eta Bazkardoko lotunean Lasarte-Oriarantz hartu. Mozketak eta desbideratzeak seinaleztatuta egongo dira.
Etzegaraten, Ordizian, Andoainen, Astigarragan, Beasainen edo Tolosan daudenen ezaugarri berberak izango ditu arku berriak: ia 30 metroko luzera eta 16 tonatik gorako pisua. Matrikulak irakurtzeko eta ibilgailuaren jarraipena egiteko 12 kamera izango ditu, argi infra-gorriarekin, sei noranzko bakoitzean, eta 12 antena TAGak irakurtzeko eta ibilgailuak kokatzeko, hauek ere sei noranzko bakoitzean.
Era berean, sei laser detektagailu izango ditu, noranzko bakoitzeko hiru, eta horiek egingo dute ibilgailuak sailkatzeko detekzio bolumetrikoa. Aurreikuspenen arabera, azaroaren amaieran altxatuko da arkuetan azkena A-15 autobidean, Belabietako tunelaren parean.