Gizartea -

Hezkuntza dekretu berria

Eusko Jaurlaritzak Haur Hezkuntzan plazak gordetzea onartu du, ikasle zaurgarrienen beharrei erantzuteko

Onarpenari eta Eskolatzeari buruzko dekretu berri baten bidez, Hezkuntza Sailak ikasle kalteberen eskolatze orekatua lortzea du helburu.

Ikasleak ikastetxe baten sarreran. Argazkia: EFE.
Ikasleak ikastetxe baten sarreran
Ikasle zaurgarrienen beharrei erantzuteko haur hezkuntzan plazak gordetzea erabaki du Jaurlaritzak

1:29

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Onarpenari eta Eskolatzeari buruzko dekretu berri bat onartu du, 2 urteko geletan eta 3 urterekin eskolatzen hasten diren ikastetxeetan ikasle zaurgarrienak bereiztea saihesteko plazak gordetzea jasotzen duena. Gobernu Kontseiluak atzo onartu zuen dekretu hori, eta 2023-2024 ikasturtetik aurrera jarriko da indarrean.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosa sailburuordearekin batera, dekretu berri horren berrikuntza nagusien berri eman du. Helburua "hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak" dituzten ikasleen eskolatze orekatua lortzea du dekretuak, arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste mota batekoengatik ikasleak bereiztea saihesteko.

Bildarratzek azaldu duenez, neurri horrekin "aniztasuna eta zaurgarritasuna modu orekatuan banatu nahi ditugu Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa osatzen duten ikastetxe guztien artean".

Premia horiek hautemateko, Hezkuntza Sailak Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI-IVEI) diseinatutako kalteberatasun-indizea erabiliko du. "Sortutako tresna horrek ikasle zaurgarrienak identifikatuko ditu, eta, informazio horrekin, ikastetxe bakoitzean erreserbatuko diren plazen ehunekoa zehaztuko da", gaineratu du.

Prozesu hori 3 ikasturtetan zehar garatuko da, aurreko sistematik sistema berrirako trantsizioa progresiboa izan dadin, eta sailburuaren arabera, ikastetxe bati ere ez zaio eskatuko lehen mailan 10 puntu baino gehiagoko ahalegina egitea.

Prozedura

Bildarratzen esanetan, aurrematrikula egiteko unean, familiek ikasleek diagnostiko-ebaluazioetan bete ohi duten galdera-sortaren antzekoa beteko dute, indize sozioekonomikoa eta kulturala zehazteko balio duena.

Informazio horri esker, ISEI-IVEIk zehaztuko du Euskadin 2 urteko geletan plaza eskatu duten ikasle kalteberen kopurua. "Ikastetxe bakoitzean zenbat plaza gorde behar diren zehazteko lehen urratsa da", esan du.

Era berean, plazez gain, Jokin Bildarratzek zuzentzen duen Sailak benetako eskolatze-beharretara egokituko du plazen eskaintza: "Ez da ez gaineskaintzarik, ez azpieskaintzarik egongo. Ikastetxeek ezin izango dute aurkezten duten eskaintza puztu, ezta eskaini beharreko plazak artifizialki murriztu ere", adierazi du.

Dekretu berriak jasotzen du, halaber, hurbiltasun-baremoan 7 puntu emango zaizkiola hurbileneko ikastetxeari. "Bere eragin-eremuko zentro bat aukeratzeagatik 5 puntu emateaz gain, etxetik hurbilen duen ikastetxea bada, puntuazioa handiagoa izango da: 7 puntu (2 puntu gehiago)", azaldu du.

Gainera, matrikula-eskabidean ikastetxe kopurua mugagabea izango da. "Familiek, lehentasun ordenan, nahi dituzten ikastetxe guztiak hautatu ahal izango dituzte, aukera-mugarik gabe", esan du.

Bestalde, haurdunaldiaren 28. astea baino lehen jaiotako haurren kasuan, garaia baino lehen jaio direla jotzen da; eta, beraz, jaiotza 32. astea baino lehen izan bada, garaia baino lehen jaio direla uste da. Kasu horietan, familiak ikasturte bat geroago matrikulatzeko eskatu ahal izango du.

Azkenik, Bildarratzek nabarmendu duenez, Euskadiko gizartea "asko aldatu da azken urteetan, eta errealitate sozial hori ere hezkuntza sistemara eraman behar dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza