Gizartea -
Istripua Araban
Hiru ibilgailuren arteko talkak bost zauritu utzi ditu Gasteizen
Ezbeharra 17:00ak aldera gertatu da, A-1 eta N-240 errepideen arteko bidegurutzean, Gamarra parean, Arabako hiriburuan, bi furgonetak eta auto batek talka eginda.
Agentziak | EITB Media
Bost pertsona zauritu dira arratsaldean Gasteizko sarreretako batean izandako istripu batean. Hiru ibilgailuk izan dute istripua.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra 17:00ak aldera gertatu da, A-1 eta N-240 errepideen arteko bidegurutzean, Gamarra parean, Arabako hiriburuan, bi furgonetak eta auto batek talka eginda.
Hainbat anbulantzia eta suhiltzaile bertaratu dira, eta zaurituak Txagorritxu eta Santiago ospitaleetara eraman dituzte.
Irungo norabideko bi erreiak itxi dituzte, eta norabide horretan zirkulatzen ari diren ibilgailuentzat kontrako norabideko beste bi erreietako bat prestatu dute.
Hasiera batean, zaurituetako batzuk larri zeudela jakinarazi dute, baina, ondoren, Segurtasun Sailak esan du ez dakiela zein den bost pertsona horien egoera.
Hala ere, zaurituetako batzuk larri daudela ziurtatu dute Gasteizko suhiltzaileek.