Gizartea -
Iragarpena
Ostiral nahasiaren ostean, giro eguzkitsuagoa eta epelagoa asteburuan
Ostirala euritik joan da, baina larunbatean eguzkia nagusituko da eta maximoak 18 ºC-ra iritsiko dira. Igandean gehiago lainotuko da, baina ateri eutsiko dio gehienean.
eitb media
Aste nahasi eta ostiral euritsu eta freskoaren ostean, asteburu eguzkitsuagoa eta epelagoa izango dugu Euskal Herrian.
Larunbatean giro eguzkitsua izango dugu. Goizaldean hodei multzoak izango dira oraindik, batez ere ipar-ekialdean, eta bertan euri pittin bat egin dezake eta altxatzea gehiago kostako zaio. Gainerakoan, ordea, goizean goizetik eguzkia bistan izango da, goi-hodei batzuekin. Lehen orduetan behe-lainoa izango da zenbait txokotan eta giro hotza nagusituko da. Maximoak, berriz, 18 ºC ingurukoak izango dira kostaldean eta 16 ºC ingurukoak barnealdean. Haizea aldakor ibiliko da, indar handirik gabe, eta goizean hegoaldekoa gailenduko da.
Igandean hodei gehiago izango ditugu zeruan. Nahiko ahulduta iritsiko den fronte batek hodeiak ekarriko dizkigu baina, hala ere, zenbait momentutan ostarteak ere zabalduko dira. Tenperatura pittin bat gehiago igoko da eta mendebaldeko haizea ibiliko da. Goizean goiz giro hotza izango da eta lainoa sortuko da zenbait bailaratan.
Astelehenean bezperako joerarekin jarraituko du eguraldiak, eta asteazkenean berriro jaitsiko dira tenperaturak eta euria egingo du.
Kontsultatu eguraldiaren iragarpena eta bidali zure argazkiak.