Gizartea -
indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Zumaiako kiroldegi bateko aldageletan adingabekoak grabatzeagatik
Igande honetan identifikatu zuen Ertzaintzak 27 urteko gizona, adingabekoek irudiak grabatzen harrapatu ostean.
agentziak | eitb media
Ertzaintzak 27 urteko gizon bat atxilotu du, telefono mugikorrarekin kiroldegi bateko emakumezkoen aldagelen barnealdea grabatu izana egotzita, adingabeko talde bat bertan zela. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.
Larunbat arratsaldean izan ziren gertakariak. Hamar bat adingabeko neska dutxetan zeuden, eta jabetu ziren norbaitek telefono mugikor bat sartu zuela eskuarekin ate azpiko tartetik, irudiak grabatzeko.
Harrapatu zutenean, gizonak lekutik ihes egin zuen, eta adingabekoek gertatutakoa salatu zuten.
Ertzaintzak, Zumaiako Udaltzaingoarekin elkarlanean, ustezko egilea identifikatu zuen, eta atzo arratsaldean atxilotu zuen bere etxean.
Pertsonen intimitatearen aurkako delitua egotzi diote akusatuari, Segurtasun Sailaren arabera.