Gizartea -

Kantabriako Auzitegia

Hainbat lekukoren arabera, Carmen Merinok harreman txarra zuen biktimarekin

Besteak beste, hildakoaren lehengusuak, 2019ko apirilean haren desagerpena salatu zuenak, bere harremana "oso txarra" zela esan du, eta Jesus Mari "gustura ez" zegoela adierazi du.

Lekukoetako bat, ahozko epaiketaren une batean, gaurko saioan. Argazkia: EFE
Lekukoetako bat, ahozko epaiketaren une batean, gaurko saioan. Argazkia: EFE
Burua gordeta zuen lagunak esan du paketeaz nazkatuta zegoelako zabaldu zuela 2019ko irailean

1:39

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat lekukok Carmen Merinoren bertsioaren kontra egin dute. Haren mutil-laguna, Jesus Mari Baranda, 67 urteko bizkaitarra, Castro Urdialesen hil zuen eta lagun bati burua kutxa batean eman zion. Merinoren eta biktimaren arteko ustezko harreman txar baten berri eman dute lekukoek.

Besteak beste, hildakoaren lehengusuak, 2019ko apirilean haren desagerpena salatu zuenak, bere harremana "oso txarra" zela esan du, eta Jesus Mari "gustura ez" zegoela adierazi du. Beste lagun batzuek, berriz, harengatik kexu zela edo jendaurrean eztabaidak izan zituztela azaldu dute.

Bere aldetik, "edozein bikotek bezalaxe gauza txarrak" zituztela esan du Merinok, baina harremana ona zela eta biek "maitasun handia" zutela eta "orekatuz" joan zirela. "Jesus joan zenean lur jota geratu nintzen", ziurtatu du akusatuak.

Merinok adierazi duenez, "Jesusek, noizean behin, nire diazepamen bat hartzen zuen ondo lo egin ahal izateko". Halaber, bikoteak zerra eta motozerra bana erosi zituen, akusatuaren esanetan, eta gurasoen etxera eraman zituen bertan zeuden altzari batzuk puskatzeko.

Akusatuaren testigantzaren ondoren, Alfonso Ricondo Jesus Mariren lehengusuaren txanda izan da, eta gogorarazi du motozerrarik aurkitu ez arren, "erositako motozerra bat eta agertzen ez den gorputz bat" daudela, eta, beraz, "zantzuak badaudela". 

Atzo abiatu zen Castro Urdialesko hilketaren aurkako epaiketa akusatuaren testigantzarekin. Merinok ukatu egin zuen bikotekidearen garezurra lagun bati eman izana, eta "jostailu sexualak zituen zorro bat" helarazi ziola argitu zuen. Handik hilabete batzuetara, ordea, lagunak kutxa zabaldu zuen kiratsa zeriolako, eta bertan topatu zuen Barandaren garezurra. Akusatuak bere abokatuaren galderei bakarrik erantzun zien atzo, eta defentsak iragarri du ez diela fiskalaren zein akusazio partikularraren galderei erantzungo. Bai, ordea, epaimahaiko kideek egin diezaizkioten itaunei.

Lekuko bat, epiketan. Argazkia: EFE

Lagunak azaldu duenez, Carmen Merinok ustez jostailu sexualak zituen pakete bat eman zion, eta armairu batean gorde zuen, edukitzeaz "nazkatu" eta irekitzea erabaki zuen arte, nahiz eta akusatuak beste batean esan zion ez irekitzeko "inola ere".

Bestalde, biktimaren anaiak ukatu egin du akusatuaren ordenagailuan sartu izana, eta Jesus Marirekin "harreman ona" zuela ziurtatu du, nahiz eta Merinok kontrakoa esan.

Lekuko horrek adierazi du ez zuela anaiaren desagerpena salatu, akusatuak esaten ziona sinetsi zuelako, bidaian zegoela, alegia, eta ukatu egin du anaiarengandik urrundu zenik, hark jaraunspena aldatu zuelako.

Biktimaren lagun batzuek adierazi dutenez, harritu egin ziren Jesus Marik nola alde egin zuen ikusita, deiei erantzun gabe, eta hori ez zela "normala" azaldu  dute, maiz ikusten zirelako, eta jaso zituzten mezuak berak idatzi zituenik ukatu dute.

Konkretuki, lehengusuak esan du "arraroa" ikusi zuela desagertu baino egun batzuk lehenago, eta hilabete bat ikusi gabe eman zuenean ziur zegoela "ez zuela gehiago ikusiko".

Fiskaltzak 25 urteko kartzela zigorra eskatu du Merinorentzat, eta akusazio partikularrak espetxe iraunkor berrikusgarria, eta subsidiarioki, ministerio fiskalak eskatutakoa. Defentsak, aldiz, emakumea errugabea dela dio, eta absoluzioa eskatu du berarentzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kantabria Erailketak