Gizartea -

Koronabirusa

Ospitaleetako presioak eta hildakoen kopuruak behera egin dute EAEn

10 pertsona zendu dira covid-19ak jota azken astean, aurrekoan baino bat gutxiago. Erietxeetan, 171 gaixo daude gela arruntetan, eta 10 larri daude ZIUn. Horrenbestez, ospitaleetako egoerak hobera egin du nabarmen (30 pertsona gutxiago ingresatuta), betiere, aurreko astearekin alderatuta.

Donostia Ospitalea, artxiboko argazki batean. EITB Media
Donostia Ospitalea, artxiboko argazki batean.
Donostia Ospitalea, artxiboko argazki batean. EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren eraginez, 10 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken astean, azaroaren 7tik 13ra doan horretan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez. Aurreko astean, 11 izan ziren zendutakoak.

Osasun Sailak gaur kaleratu du azken buletin epidemiologikoa, eta, horren arabera, hobera egin du Osakidetzako ospitaleetako egoerak. Izan ere, guztira 181 pertsona daude ospitaleratuta, aurreko astean, aldiz, 201 ziren. Zehatz jarrita, 171 gaixo daude gela arruntetan (aurreko astean, 193 ziren, 22 gehiago) eta 10 ZIUn daude, aurreko astean baino 2 gehiago (zortzi ziren orduan).

Era berean, 11.236 proba diagnostiko eginda, 1.442 positibo berri zenbatu dituzte, aurreko astean baino 201 gehiago. 60 urte baino gehiagoko biztanleen artean (proben erdia baino gehiago eurei egiten dizkiete) ere, gora egin du positiboen kopuruak: 867 izan dira, aurreko astean baino 64 gehiago. Dena dela, adin tarte horri dagokion intzidentzia tasak behera egin du azken astean: 100.000 biztanleko 14 eguneko tasa 248,16koa da, aurrekoan baino 25 puntu txikiagoa.

Ifrentzuan, oinarrizko birsorkuntza tasak (R0 delakoa) gorako bidea hartu du berriro, eta 1,06an dago. Positibo batek kutsa dezakeen pertsona kopurua adierazten du indize horrek eta 1etik behera egotea gomendatzen dute epidemiologoek. Urriaren amaieratik, langa horren azpitik zegoen, baina, esan bezala, gora egin du azken egunetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea