Gizartea -

EITB PODKAST

"Harresi ikusezina", migrazioaren gaineko gogoeta eragin nahi duen podcasta

EITB Podkast atarian gaurtik entzungai dago "Harresi ikusezina" sei ataleko dokumentala. Irundik igarotzen diren migratzaileen istorioak bildu ditu Cristina Tapia kazetari nafarrak Ulu Mediak ekoitzitako lanean.

''Harresi ikusezina'', migrazioaren gaineko gogoeta eragin nahi duen podcasta

3:18

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Entzun eta barruan zerbait mugitzea, migrazioari buruz pentsaraztea eta norberak bere ondorioak ateratzea. Hori eragin nahi du EITB Podkast plataforman gaurtik entzungai dagoen "Harresi ikusezina" sei ataleko serie dokumentalak. Irunera iritsi, eta handik Frantziara iristea helburu duten migratzaileen istorioak bildu ditu Cristina Tapia (Bera, 1982) kazetariak. Istorio pertsonalak dira, izen-abizenak dituztenak: Ali Akla, Idrissa Fofana, Bama Lasana eta Fadiga Barbajan. Euren ahotsetatik kontatu dute sorterria utzi zutenetik gaur egun dauden tokirainoko bide gordina.

Hedabideetako izenburuetan lausotzen diren zenbaki eta datuak atzean utzi, eta protagonistengan eta horiei laguntzeko abian jarritako harrera mugimenduetan jarri du begirada kazetari nafarrak. Zerk eraman zituen herria uztera? Zer aurkitu dute bidean? Zein da orain euren egoera? Zer nahi dute?... galderon erantzunak topatuko ditu entzuleak podcastean. Besteak beste, Gari Garaialde eta Josune Mendigutxia Irungo Harrera Sareko boluntarioak, Kristin Artola Bidasoa Etorkinekin kidea, Amets Arzallus bertsolaria eta idazlea, Jean Marc Lavigne Hendaiako apaiza eta Ilona Cook eta Alice Bertrand Parisko Utopia elkarteko boluntarioak entzun ahal izango dira.

Halaber, errelatoa osatzeko eta testuingurua kokatzeko, migrazio gaietan adituak direnen hitzak ere jaso ditu dokumentalean Tapiak, hala nola, Iker Barbero eta Rosa Arburua EHUko irakasleenak. Europako legedia, giza eskubideak edota herrialde ezberdinetako migrazio politikak izan dituzte hizpide.

Ulu Media

Ulu Media

Ulu Mediak ekoitzitako dokumentalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan du. Xabier eta Martin Etxeberria anaiak aritu dira gidoigintzan, eta grabazio, edizio eta soinu diseinu lanak Oier Aranzabalek egin ditu. Itzulpen lanak, berriz, Silvia Tapiak.

Oraingoz, euskaraz —jatorrizkoa eta bikoiztua— dago eskuragarri EITB Podkast plataforman, eta urtarriletik aurrera, gaztelaniaz ere entzun ahal izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako berriak Albisteak migrazioa Baiona Hendaia Gizartea bideoak Eguneko albisteak Irun albisteak gaur Albisteak