Gizartea -
Gertakaria
Zaborra biltzeko kamioi bat uretara jausi da Pasaian
Pasaiako Udaltzaingoa gertakaria ikertzen ari da, baliteke balaztek huts egin izana. Zorionez, ez da inor zauritu.
EITB MEDIA
Zaborra biltzeko kamioi bat Pasaiako Badiara (Gipuzkoa) jausi da gaur, ikertzen ari diren arrazoiak tarteko, Pasaiako Udaltzaingoak EITB Mediari jakinarazi dionez.
Gertakaria 09:30ean jazo da, Pasai Donibane auzoan aparkatuta zegoen ibilgailua uretara erori denean. Zorionez, gidaria onik atera da.
Udaltzaingoak ikerketa zabaldu du ezbeharraren arrazoiak argitzeko. Aukeren artean dago ibilgailuaren eskuko frenoak kale egin izana.
Iturrion arabera, zaborra biltzeari ekin diete aurrena, eta orain, kamioia uretatik aterako duen garabiaren zain daude. Udaletik diotenez, gaur arratsaldean edo bihar goizean egingo dituzte lanok.
Pasaiako Portuak jakinarazi duenez, Itsasorako Barne Plana aktibatu du, eta "ibilgailuaren gasolioak sor lezakeen kutsadura murrizteko lanean ari da".