Gizartea -

Gabonak

Donostiako Gabonetako egitaraua: zer eskaintzen du Gabonetako Europako Hiriburuak?

Abenduaren 2an (ostirala da), Gabonetako Merkatua inauguratuko dute, eta Gabonetako argiak piztuko dira. Andia kaleko noria jarrita dago, eta, besteak beste, lerentzako arrapala bat, bola erraldoia eta photocalla izango dira.

Artxiboko irudian, Donostia Gabonetan. Argazkia: EFE.
Artxiboko irudian, Donostia Gabonetan. Argazkia: EFE.
Artxiboko irudian, Donostia Gabonetan. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiak ostiralean aurkeztu du Gabonetarako prestatu duen egitaraua. Urte oso berezia izango da hirian, kontuan izanik Donostia dela, Genovarekin batera, Gabonetako Europako Hiriburua. Abenduaren 2an, Gabonetako Merkatua inauguratuko da, eta Gabonetako argiak piztuko dituzte. Andia kaleko noria jarrita dago, dagoeneko, eta, besteak beste, lerentzako arrapala bat, bola erraldoia eta photocalla izango dituzte donostiarrek.

Jarraian, Donostiako Gabonen gainean jakin beharreko dena zehaztuko dugu.

Noiz eta non hasiko da Donostiako Gabonetako egitarau berezia? Abenduaren 2an, 18:00etan, Frantzia Pasealekuan, Maria Kristina zubiaren ondoan.

Arratsalde horretan, Gabonetako argiak piztuko dituzte, eta Gabonetako Merkatua inauguratuko da.

Udalak jakitera eman duenez, "laser argien ikuskizun batekin hasiko da, Urumea ibaiaren eta Maria Kristina zubiaren gaineko musika eta irudi show baten barne, eta gero panpin argitsu erraldoi batek zubia eta inguruak zeharkatuko ditu, musikaz lagunduta". Panpin erraldoia 20:00etara arte geratuko da, nahi duenak berarekin argazki bat atera dezan. "Iaz, puxikadun dantzariak oroitzapen atsegin bat utzi zigun", dio Udalak, "edizio honetan mantentzea espero duguna".

18:30ean, Gabonetako argiak piztuko dira, eta, amaiera emateko, su artifizialen bilduma bat jarriko da ibaian.

Aurten, "eraikin eta gune ikonikoetan ere jarriko dira Gabonetako argiak". Horrela, Victoria Eugenia Antzokiko argiek Urumea ibaiko argien lerroa osatuko dute, eta La Conchako erlojuetan ere jarriko dira argi berritzaileak, eta baita Gabonetako photocalla ere. Santa Katalina zubiko argiztapena berritu egingo dute, bai eta Askatasunaren Hiribidekoa eta Loiola kalekoa ere. 17:45etik 22:00etara piztuko dituzte argiak, egunero.

Gogoan izan beharra dago inaugurazioa behar bezala eta segurtasunez garatzeko, Maria Kristina zubian ezingo direla ibilgailuak sartu 16:30-18:30 bitartean, bi noranzkoetan, "eta Santa Katalina zubia erabili beharko dute haren ordez", zehaztu dute.

Gabonetako Merkatua Urumea ibaiaren inguruan kokatuko dute, eta Europa erdialdeko Gabonetako merkatu tradizionalen estilokoa izango da. 57 etxola izango ditu, 41 Frantzia Pasealekuan eta 16 Ramon Labayen plazan.

Aurten ere, Gabonetako azoka online ere egongo da, www.dssmarketplaza.eus udal webgunean.

Zer gehiago egongo da?

12 metro altu den Gabonetako Bola erraldoia.

Andia kaleko noria, 32 metrokoa. Jarrita dago, dagoeneko, urtarrilaren 31ra arte. Bidaiak 5 euro balioko du, astelehenetan izan ezik, non % 50eko deskontua izango duen.

Federico Garcia Lorca plazan, lerentzako arrapala. Prezioa 2 eurokoa izango da bi jaitsierarako, eta % 50eko deskontua izango du astelehenetan.

Gabonetako apaingarriekin dekoratutako elur oreinen trena, Cervantes plazan. 3,5 euroko prezioa du bidaiak, astelehenetan ezik, non 2,5 euroko prezioa izango duen.

Pantaila erraldoia Ramon Labayen plazan, Genovako Gabonekin zuzenean konektatzeko, bi hiriak direlako Europako Gabonetako Hiriburuak. Abenduaren 8 eta 15 bitartean egongo da pantaila martxan.

Abenduaren 27tik urtarrilaren 4ra bitartean, egunero, hainbat bideo mapping proiekzio erakutsiko dira San Telmo museoaren fatxadan. Urtarrilaren 4an pixka bat desberdina izango da, Errege bezperarako egokia izan dadin. Bideo mappingeko 4 emanaldi eskainiko dira egunean, 18:30ean, 19:30ean, 20:30ean eta 21:30ean, bost minutukoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa Gabonak 2023 Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea