Gizartea -
Bizkaiko Auzitegia
Zornotzan osaba kolpeka hiltzeaz akusatutako gizonak onartu du aizkoraz jo zuela
Biktimaren iloba zen 41 urteko gizonarentzat 20 urteko kartzela zigorra eskatu du Fiskaltzak erailketa delitua egotzita. Horren arabera, gizonak hainbat aldiz kolpatu zuen osaba aizkora-buruaren atzealdearekin.
Agentziak | EITB Media
2020ko maiatzean 66 urteko osaba kolpeka hiltzeaz akusatutako gizonak Bizkaiko Auzitegiaren 2. sekzioan deklaratu du gaur bere kontrako epaiketan. Deklarazioan onartu duenez, biktima aizkoraz jo zuen akusatuak. Orain, lekukoek izango dute deklaratzeko txanda.
Akusatuak adierazi duenez, gertakariaren egunean "eztabaida gogorra" izan zuen osabarekin, "txarto amaitu" zena. "Nirekin zegoen baratzean, zutik geunden biok", aitortu du, "nahi gabe eman nion, eta gertatu behar ez zena gertatu zen".
Hilketaren susmagarria, 41 urteko gizona eta biktimaren iloba, behin-behineko espetxealdian dago duela bi urte baino gehiagotik Basauriko kartzelan.
Epaiketa ostiralean hasi zen zinpeko epaimahaiaren osaerarekin. Zazpi emakumek eta bi gizonek epaituko dute auzia.
Akusazioaren arabera, artean 39 urte zituen iloba baratzera joan zen, eta, osaba bizkarrez zegoela, kolpeak eman zizkion aizkora-buruaren atzealdearekin. Azken datu hori ere berretsi du akusatuak.
Akusatuak berak eman zuen abisua
Ilobak berak abisatu zuen Ertzaintza, eta agenteei esan zienez, biktimak istripua izan zuen rotabatorearekin. Burutik odola zeriola, buruz behera baina bere kordean topatu zuten agenteek. Biktima bi egun geroago hil zen Gurutzetako Ospitalean.
Hasiera batean istripu gisa ikertu bazuen ere, gerora, ilobaren testigantzan kontraesanak eta kriminalitate zantzuak atzeman zituen Ertzaintzak, eta iloba atxilotu zuen biharamunean.
Fiskaltzak 20 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat, erailketa delitua egotzita. Akusazio idatziaren arabera, iloba ortura joan, eta, osaba bizkarrez zegoela, kolpeak eman zizkion aizkora-buruaren atzealdearekin.
Akusatuaren deklarazioaren ostean, lekukoen eta adituen txanda izango da. Aurreikuspenen arabera, hilaren 28an bukatuko da epaiketa, eta herri epaimahaiak epaia eman beharko du orduan.