Saretzen -

Saretzen

Hego euskal herritarren ia erdia zazpi udalerritan bizi dira

Biztanleriaren % 42,43 zazpi hiri handienetan bizi da, hau da, tokiko lau hiriburuetan eta Barakaldon, Getxon eta Irunen. Horietatik, gehienak Bilbon pilatuta daude, baina, urtez urte, Bizkaiko hiri nagusi horretako populazioa murrizten ari da.

Saretzen. Irudia: EITB Media
Saretzen. Irudia: EITB Media
Saretzen. Irudia: EITB Media

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriko biztanleriaren ia erdia (% 42,43) tokiko zazpi hiri handienetan bizi da, hau da, 50.000 biztanlerik gorako udalerrietan: Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Donostian, Barakaldon eta Getxon. Horietatik guztietatik, Bilbo da biztanle gehien dituena, gainontzeko hiriburuetatik nabarmen gehiago. Hala ere, Bizkaiko hiri nagusiak auzokideak galdu ditu azken bi hamarkadetan, % 1,38, gainontzeko hiriburuek ez bezala. Horien artean, nabarmendu beharra dago Gasteizen bilakaera, % 15,45 handitu baitu bere populazioa 20 urtean.

Goranzko bilakaera izan duten herri handiek, baina, gorabeherak izan dituzte bi hamarkadotan, eta, Bilbok bezala, desazkundea izan dute une jakin batzuetan. Kolperik handiena 2008ko krisi ekonomiko globalak erakarrita etorri zen, orokorrean, 2010etik aurrera nabaritzen hasi zena. Denen artean, Bizkaia izan da kolpea gehien pairatu duena, Bilbon bederatzi urtez jarraian izan baita beheranzko joera; aldiz, Donostian zazpi urtekoa izan zen; Iruñean, bostekoa eta Gasteizen, nabarmen gutxiagokoa, bi urtekoa, hain zuzen.

Getxon, deskalabrua inon baino lehenago hasi zen, 2008an, eta, ordutik, urtez urte joan da biztanleria galtzen, 2017an loraldi txiki bat lortu zuen arren. Barakaldok, aldiz, desazkundearekin abiatu zuen bigarren milurtekoa, eta, gainontzeko herri handiek ez bezala, krisi-ekonomikoaren aldian hazkundea izan zuen 2013ra arte. Irunek, aldiz, Donostiaren joera bera izan du: urte bat lehenago, 2009an, desazkundean erori zen, eta halaxe jarraitu zuen sei urtez.

Herri txikiak, gehiengoa

Hamar pertsonatik lau bizi da hiri handiren batean Hego Euskal Herrian, baina, hala ere, horiek zazpi dira bakarrik gurean. Baina, zenbat herri dago lau lurraldeotan? Bada, 523, eta horien erdia baino gehiago Nafarroan daude: 272.

Horietatik guztietatik, Hego Euskal Herriko herri eredua, edo gehien errepikatzen dena, 250 eta 1.000 biztanle artekoa da; mota horretakoak dira nagusi, 157 baitaude guztira. Horietan, batez bestean, 500 auzokide bizi dira. Halere, azken 20 urteetako joera da gero eta jende gehiagok hirigune handietarako bidea hartzea, herri txikiak alde batera utzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Herriak eta Hiriak Albisteak Nafarroa EAE Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Datu-kazetaritza