Gizartea -
Polonian espetxeratua
Auzitegiak beste hiru hilabetez luzatu dio prebentziozko espetxealdia Pablo Gonzalez kazetariari Polonian
Gorteko bozeramaile batek adierazi duenez, ebazpenaren arrazoia "isilpekoa" da, eta soilik aldeei jakinaraziko zaie.
EITB MEDIA
Poloniako Przemyslgo Eskualde Auzitegiak ostegunean ebatzi du Pablo Gonzalez euskal kazetariari prebentziozko presoaldia beste hiru hilabetez luzatzea. Gonzalez otsailetik dago espetxeratuta, espioitza egotzita atxilotu zutenetik.
"Auzitegiak presoaldia beste hiru hilabetez luzatzea ebatzi du", esan du Gorteko bozeramaile batek. Zehaztu duenez, ebazpenaren arrazoia "isilpekoa" da, eta soilik aldeei jakinaraziko zaie.
Hirugarren aldiz luzatu diote presoaldia kazetariari. Otsailaren 28an atxilotu zuten Przemyslen; Errusiak Ukraina inbaditu osteko errefuxiatuen krisiaren gaiarekin zebilen lanean, kazetari gisa.
Barne Segurtasuneko Poloniar Agentziak Gonzalezi egotzi zion lanbidea baliatzea errusiar inteligentzia militarraren aldeko ekintzak ezkutatzeko. Horregatik, hamar urtera arteko zigorra jaso lezake.