Gizartea -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
EAEko Berdintasun legeak indarkeria matxistagatik umezurtzak diren adingabeentzako laguntzak jasotzen ditu
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak espero du hurrengo belaunaldia berdintasunarena izango dela.
EITB Media
Azaroak 25 egunaren testuinguruan Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, EAEko Berdintasun Lege berriak indarkeria matxistagatik umezurtz gelditu diren adin txikikoentzako laguntzak jasotzen ditu.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketa batean esan duenez, Eusko Legebiltzarrak martxoan onartutako lege horren garapenean murgilduta dago Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila. Urtean 5.000 euroko dirulaguntzak jasoko dituzte onuradunek, eta oraindik ez dute zehaztu prestazio ekonomikoa jasotzeko atzeraeragina zenbatekoa izango den.
Gaurko egunari lotuta, berdintasunaren eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako baloreetan lan egitea defendatu du sailburuak, "hurrengo belaunaldia berdintasunarena" izan dadin.
"Gaur salatzen dugu desberdintasun nabarmena dagoela, emakumeenganako giza eskubideen urraketa dagoela", eta "gizarte osoa berdintasunean lerrokatuta egotea behar dugu", gizonek ere gertatzen ari denarekiko posizioa hartzea, eta "irmoak" izatea.