Gizartea -
Lege berria
Berdintasun Lege berria onartu du Legebiltzarrak
Vox alderdiko legebiltzarkide Amaia Martinez izan da kontra azaldu den bakarra. EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek aldeko botoa eman dute, eta EH Bildu eta PP+Cs abstenitu egin dira.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Legebiltzarrak ostegun honetan onartutako Berdintasun Legeak emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko neurriak indartuko ditu, bai eta kasu horiek goiz atzemateko eta behar duten babesa emateko baliabideak sendotu ere. Gainera, gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala duten enpresei, publikoak zein pribatuak izan, dirulaguntzak kenduko dizkiete.
Vox alderdiko legebiltzarkide Amaia Martinez izan da kontra azaldu den bakarra. EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek aldeko botoa eman dute, eta EH Bildu eta PP+Cs abstenitu egin dira.
Lege berri honekin "berdintasunaren aldeko urrats handia emango du Euskadik", emakumeen aurkako indarkeria "berdintasunik ezaren adierazpen larrienatzat jotzen duelako", Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren esanetan.
Hartara, 2005eko Berdintasun Legearen araudia moldatuko du honek. Besteak beste, administrazioek genero-ikuspegia txertatu beharko dute beren politika guztietan, eta, adibidez, ordezkaritza orekatuaren printzipioa aplikatuko da epaimahaien, hautaketa-epaimahaien eta gainerako administrazio-organoen izendapenean, bai eta kargu publikoen eta sozietate publikoetako administrazio-kontseiluetako kideen izendapenean ere.
Legebiltzarreko taldeen erantzuna
Eztabaidan zehar, Leixuri Arrizabalagak (EAJ) ziurtatu du lege honek urrats bat gehiago ematen duela berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko. Eneko Anduezak (PSE-EE), berriz, nabarmendu du arau "feminista eta eraldatzaile" bat dela, eta berdintasunik eza nagusi duen errealitatea aldatuko duela.
Oihana Etxebarrietak (EH Bildu) onartu du 2005eko legea indartzen duela, nahiz eta penaz hartu duen zenbait kontu kanpoan utzi izana, hala nola etxeko langileentzako eta zaintzaileentzako irtenbideak ematea.
Isabel Gonzalezek (Elkarrekin Podemos), bestalde, azpimarratu du berdintasun politiketara zuzendutako aurrekontua % 1etik % 1,5era igo beharko litzatekeela, eta Laura Garridok (PP) aintzat hartu du alderdi guztien lana, Voxena izan ezik.
Hain zuzen ere, Voxeko Amaia Martinez izan da gainerako taldeekin bat etorri ez dena; izan ere, "lege berriak ez du bermatzen indarkeria jasaten duten gizonen babesa", horren ustez.