Gizartea -

Euskara

Idurre Eskisabelek Paul Bilbao ordezkatuko du Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi bezala

Abenduaren 6an Durangon irudikatuko da kargu hartzea, erakundearen 25. urteurreneko ekitaldian.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi berria izango da. Irudia: Kontseilua
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi berria izango da. Irudia: Kontseilua
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi berria izango da. Irudia: Kontseilua

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskalgintzaren Kontseiluak iragarri du idazkari nagusi berria izango duela, Idurre Eskisabel Larrañaga. 12 urteko ibilbidearen ondoren, Paul Bilbao Sarria ordezkatuko du Kontseiluko ardura nagusienean. Abenduaren 6an Durangon irudikatuko da kargu hartzea, erakundearen 25. urteurreneko ekitaldian.

Kontseiluak ohar batean azaldu duenez, Idurre Eskisabel Larrañaga Beasainen jaio zen 1970 urtean. Kazetaritzan eta Antropologian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta kazetaritzan ibilbide luzea du. Euskaldunon Egunkaria eta Berria-n egin du lan, eta hainbat hedabiderekin kolaboratu du: Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Euskalerria Irratian, besteak beste.

Gaur egun, Jakin pentsamendu aldizkariko eta pentsamendu feminista euskaratzea xede duen Eskafandra bildumako kontseilu editoreetako kidea da. 2018an 'Goseak janak' poema liburua plazaratu zuen, Susarekin. Eta 2019an, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariarekin batera, 'Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara' argitaratu zuen, euskalgintzaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta aliantzarako bidea arakatzen duen liburua.

"Ilusio eta erantzukizun handiz" jaso du Eskisabelek Kontseiluko ardura nagusia betetzeko proposamena. "Euskalgintzak ekin dio askotariko eremuen arteko zubi lana egiteari, eta bide horretan sakontzen segitzeko asmoa dut" adierazi du, 2021etan abiatutako Batuz Aldatu dinamikari erreferentzia eginez.

Azkenik, euskaran, kulturan, hezkuntzan, baita eremu sozioekonomikoan, eskubide sozialetan, migrazioan, feminismoan, LGTB+ mugimenduan, eremu digitalean, gazterian eta beste askotan aritzen diren eragileekin aliantzak sustatu eta hizkuntzaren gaia erdigunera eramateko lan egingo duela iragarri du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Beasain Albisteak Kazetaritza Euskalgintzaren Kontseilua