Gizartea -
KRISIA OSAKIDETZAN
PPk Sagarduiren agerraldia eskatuko du Donostiako ESIan egindako kargugabetzeak azal ditzan
Laura Garridok salatu du "Osasun Departamentuak lidergo gaitasunik ez" duela eta "negargarria egiten" ari dela, "herritarrei ematen zaien arreta kaltetuz"
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Laura Garrido EAEko PPko idazkari nagusiak iragarri du Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren presazko agerraldia eskatuko duela Legebiltzarrean, Itziar Perez Donostialdeko ESIko gerentea eta Idoia Gurrutxaga Donostia Unibertsitate Ospitaleko zuzendari medikua kargutik kendu ostean.
Ohar batean, alderdi popularrak "Urkulluren Gobernua Osakidetza oker kudeatzen" ari dela salatu du, euskal osasun sistema "egoera jasangaitz batera eramanez".
Garridok adierazi duenez, ostiral honetan Donostialdeko ESIn izandako kargugabetzeak "Osakidetzaren egoera jasangaitzaren azken erakusleak dira". Osakidetzaren kudeaketan "kaosa" eta "desordena" direla nagusi salatu du Garridok eta herritarrak "harri eta zur" geratzen ari direla azken gertakizunekin.
Kargugabetze horiez gain, "Basurtuko bihotzeko kirurgia ixtea, Santiago Ospitaleko larrialdiak ixtea, osasun-zentroak eta EAGak ixtea edo osasun-profesionalen faltaren aurrean giza baliabideen plangintza egokirik ez egotea" ere gaineratu ditu krisiaren adierazle.
Ildo berean, gaur, Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas saioan, Nerea Kortajarena EH Bilduren legebiltzarkideak salatu du "larria" dela Osakidetzako zerbitzuaren egoera eta beste politika bat aldarrikatu du.