Gizartea -

atxiloketa irunen

Gizon bat atxilotu dute Irunen, Udaltzaingoko agenteak hiltzen saiatzea leporatuta

Atxilotuak hainbat labankada jaurti dizkie udaltzainei, eta, ondoren, butano-bonbona bati su eman dio. Gizona ospitalera eraman behar izan dute, bere etxean ia konorterik gabe aurkitu ostean.

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

33 urteko gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean Irunen, udaltzainen aurkako ustezko hilketa saiakera bat egotzita. Hainbat labankada ematen saiatu da -agenteak zauritu gabe-, eta butano-bonbona bati su eman dio, agenteen bizitzaren kontra atentatuz.

Atzo, igandea, gaueko hamaikak aldera jazo zen gertakaria udalerriko etxebizitza batean. Udaltzainak arma zuriz egindako ustezko eraso batengatik bertaratu dira lekura, eta, etxebizitzara iritsi direnean, gizona labana batez armatuta aurkitu dute, bere buruari zauriak egiten. Labana kentzen saiatzerakoan, gizonak hainbat labankada jaurti dizkie agenteei, baina ez ditu zauritu.

Ondoren, butano-bonbona bat hartu, eta balbula ireki ondoren, gasari su eman dio, udaltzainak harrapatzeko asmoz. Jarraian, bere etxean giltzapetu da. Etxebizitza hustu behar izan dute leherketa arriskuagatik; izan ere, gutxienez, bost butano-bonbona baitzeuden bertan.

Ertzaintzaren negoziatzaileek zenbait saiakera egin ostean etxebizitzatik irten zedin, azkenean, esku-hartze unitateko agenteak bertan sartu, eta gizona ia konorterik gabe aurkitu dute. Ondorioz, ospitalera eraman behar izan dute. Giza hilketa-saiakera, agintaritza-agenteen aurkako atentatua eta jabetzaren aurkako kalte-delituaren akusaziopean atxilotu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Gaurko titularrak Irun albisteak gaur Gaurko azken ordukoa Donostia Ospitalea