Gizartea -
EGURALDIA
Euria eta hotza nagusi datozen egunetarako Euskal Herrian
Ostirala eta larunbata egun bustiak izango dira, eta astebururako hotz handia espero da. Larunbat iluntzean, gainera, prezipitazioa elur moduan izango da 1000 metrotik gora.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Udazken giro bete betea izango dugu datozen ordu eta egunetan Euskal Herri osoan. Euskalmetetik iragarri dutenez, ostirala eta larunbata egun bustiak izango dira, eta larunbatean tenperaturek nabarmen egingo dute behera, hotzari bide emanez.
Eguna hodeitzarekin esnatu da gaur, asteazkena, eta han-hemenka euri apur bat ere egin du. Nolanahi ere, arratsalderako atertzera egingo du eta apenas espero da euririk. Tenperatura, berriz, 10 eta 14 gradu artean kokatuko da egun osoan zehar. Haizea, berriz, noraezean ibiliko da baina azkenik iparra finkatuko da.
Biharko, baina, ostegunerako, hain zuzen ere, eguraldiak okerrera egingo du eta nonahi bustiko du. Egunaren lehen orduetan ateri eutsiko dio, baina goizak aurrera egin ahala eta bate ere arratsalde hasieran zaparrada mardulak izango dira, batik bat, ipar isurialdean. Haizeak hego ekialdetik joko du.
Ostiralean eta larunbatean ere euria egingo du erruz, egunaren lehen zatiak batez ere, eta ipar haizea izango da protagonista. Tenperaturari dagokionez, behera egingo dute termometroek nabarmen. Oso giro hotza nagusituko da eta beroenak 7-11 graduren bueltan ibiliko dira.
Larunbat iluntzean, gainera, prezipitazioa elur moduan izango da 1000 metrotan, baita igandearen hasieran ere. Igandean, hortaz, hotz egingo du, baina prezipitazio gutxi izango da eta atertzeko joera hartuko du eguraldiak.