Gizartea -
Matxismoa Bartzelonan
El Bruc-eko militarrak ikertzea eskatu dute, txat batean prostituta baten zerbitzuak zozkatu dituztelakoan
Lurreko Armadak "berehala" emango dio gertatutakoaren berri Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko Fiskaltzari. Grande-Marlaskak "astakeriatzat" jo du balizko zozketa, eta gertakariak ikertuko dituztela espero du.
Agentziak | EITB Media
Lurreko Armadak Bartzelonako El Bruc kuarteleko militar batzuen txata Fiskaltzara igorriko du, txat horretan konpainiaren jaietarako dirua biltzeko prostituta baten zerbitzuak zozketatzen ziren susmoa duelako.
Espainiako Defentsa Ministerioko iturriek adierazi dutenez, ez dute Ara egunkariak berri eman duen Whatsapp talde horretako elkarrizketen inguruko jakinarazpen formalik, ez baita unitateko txat ofiziala.
Hain zuzen ere, uste da El Bruc kuarteleko 1/63 erregimentuko 70 militar inguruk parte hartu dutela txat horretan; bertan, sarjentu batek eta kabo batek "konpainia-dama" batekin tarte bat pasatzeko zozketa egiteko proposamenari buruzko iruzkinak egin ziren.
Txatean iragarritako zozketa horren helburua (Araren arabera, prostitutari buruzko iruzkin matxista eta iraingarriak egin zituzten) konpainiaren jaietarako dirua biltzea zen, gaur, Sortzez Garbiaren Egunean ospatzen den jaia, hain zuzen ere.
Whatsapp taldean ez legoke sarjenturik, ezta prostitutaren zozketa proposatu zuena ere, eta parte hartu duten militarren artean kaboak lirateke kargu altuenekoak.
Defentsa Ministerioko iturrien arabera, Armadak "berehala" jakinaraziko dizkio gertakariak Kataluniako Fiskaltzari, txataren edukiak "erakundearen baloreen aurka" egin dezakeela iritzita.
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroaren ustez, "astakeria" da Bartzelonako Bruc kuarteleko soldaduen artean prostituta baten zozketa egin izana, eta gertatutakoa ikertuko dutela espero du.
"Ez daukat horren inguruko berririk, baina hala balitz astakeria bat iruditzen zait, eta uste dut ikerketaren bat ireki beharko litzatekeela", adierazi du Marlaskak Bruselan, kazetarien galderei erantzunez.