Gizartea -

Erreportajea

Neurozientzia irakasle: Nola ikasi hobeto?

Ebidentzia zientifikoari erreparatuta, ikasteko metodo eraginkorrenak zeintzuk diren jakin dezakegu. Garuna ikasten duen EAEko erreferentzia zentrora, Basque Center on Cognition, Brain and Languagera (BCBL), jo dugu garunak zelan ikasten duen ezagutzeko eta ikasteko teknika onenak geureganatzeko.

Zientziak hobeto ikasteko giltzarriak eman diezazkigu. Argazkia: Pixabay
Zientziak hobeto ikasteko giltzarriak eman diezazkigu.
Zientziak hobeto ikasteko giltzarriak eman diezazkigu. Argazkia: Pixabay

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikasten ematen dugu bizitza; batzuetan, ia oharkabean, automatikoki kasik. Beste zenbaitetan, aldiz, ikasi beharrekoa kontrako eztarritik joan, eta hor ibiltzen gara, gorriak eta bi ikusita. Baina… ba al dago ikasteko metodo eraginkorragorik? Zerk eragiten du ikasketa prozesuan? Nola ikasten, gogoratzen eta ahazten du gure garunak?

Erantzun bila jo dugu Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentrora. Kepa Paz Alonso (Sestao, 1974) bertako ikerlaria da, baita Ikerbasqueko irakasle elkartua ere. Urteak daramatza garuna ikertzen, zerbait ikasten dugunean duen funtzionatzeko modua behatzen, batez ere, hizkuntzekin lotutakoak tartean daudenean. Izan ere, Hizkuntza eta Memoria ikerketa taldeko burua da Paz Alonso.

Adituak aitortu digunez, garunak zelan funtzionatzen duen azaltzea "zaila da oso", modu askotara egin baitaiteke, ikuspegi askotatik. Ez dugu memoria bakar bat —asko daude, garunaren gune ezberdinen menpe—, eta "oinarria dinamikoa da, berreraikitzen da".

Epe luzerako memoria da ezagutzak, oroitzapenak eta gaitasunak oroitzeko gai dena. Hura martxan jartzeko, Paz Alonsoren arabera, aldaketa gertatu behar da garunean, eta horri esker, informazioa gogoratzeko gai izango gara.

Hori bai, epe luzerako memoria aktibatzeko, adi egon behar dugu —nekez ikasiko dugu ezer jaramonik egiten ez badiogu— eta horri buruz aurretik ezagutza badugu, hobeto gogoratu eta ikasiko dugu.

Nola ikasten du garunak?
Nola ikasten du garunak?
Nola ikasten du garunak?

2:08

Prozedura memoria deiturikoa ere badugu. Horri esker ikasten dugu, besteak beste, gidatzen edota bizikletan ibiltzen. BCBLko adituaren esanetan, halakoetan "gorputzak mugimendu jakin batzuk ikasi behar ditu, eta ekintza bat burutzeko muskuluek kokapen zehatza izan behar dute". Paz Alonsok azaldu digunez, memoria mota horretan "onena ez pentsatzea da, automatikoki jokatzea. Antzekoa gertatzen da pasahitzak gogoratu behar ditugunean ere: eraginkorragoa da pentsatu gabe teklak sakatzea".

Hori horrela, ikasi beharrekoaren arabera, teknika bat ala beste erabili beharko dugu —zientzialariek nemonics deitzen dituzte, memoria trukuak, alegia—. Ez da gauza bera testu bat literalki ikastea, edo kontzeptuak barneratzea. "Memoria prozesu ezberdinak dira: lehenengoa, oso zehatza da, hitzez hitzekoa ia; bigarrenean, ondo ulertzea da gakoa, eta kontzeptuak elkarren artean lotzea", argitu digu.

Hori gorabehera, badira modu eraginkorragoan ikasteko aukera ematen diguten bi estrategia: ikasi beharrekoa lantzea, eta motibatuta egotea. Horrela azaldu digu BCBLko ikerlariak:

Ikasteko bi estrategia eraginkor eman dizkigu BCBLko adituak
Ikasteko bi estrategia eraginkor eman dizkigu BCBLko adituak
Ikasteko bi estrategia eraginkor eman dizkigu BCBLko adituak

1:20

Paz Alonsok nabarmendu digunez, informazioa lantzea ezinbestekoa da hura gogoratzeko. Hortaz, hori egiteko balio duten teknika guztiak lagungarriak dira: eskemak egin, laburpenak, mapa kontzeptualak… baita marrazkiz osatutako oharrak osatzea ere. Irudien bidez ikastea oso eraginkorra da, gure ikusmen memoria beste zentzumena baino hobea delako, orokorrean.

Bada musikarekin ikastera ohitua dagoenik, eta zenbaitentzat, ordea, traba baino ez da. BCBLren ikerlariak dio zientziak biei ematen diela arrazoia. "Nola darabilkigun, hori da gakoa. Musika ikasi beharreko horretan txertatzen baduzu, informazioa horrekin lantzen baduzu, eta lagungarria izan daiteke". Adibidez, ikasi beharrekoarekin abesti bat sortzea. "Erritmoa ere eman diezazuke, eta kontzentratzen lagundu. Agian entzun ere ez duzu egiten", gaineratu du. Halere, ikerketa batzuen arabera, musika ez da ona ikasteko, despistatzen gaituelako eta "zarata" eragiten duelako.

Donostiako zentroko ikerlariak garunarekin lotutako hainbat mito gezurtatzeko baliatu du elkarrizketa. Argitu digunez, giza garunean ez dago nagusitzen den hemisferiorik: "Garunaren zati guztiak erabiltzen ditugu uneoro eta modu jarraituan". Ez da egia, halaber, burmuinaren % 10 baino ez dugula erabiltzen.

Gainera, BCBLk egin berri duen ikerketa bat ere aipatu digu, hizkuntzak irakasten edo ikasten ari direnentzat lagungarri. Frogatu dutenez, hitz berriak ikasteko erabili ohi duten metodoa —horiek entzun eta berehala errepikatzearena— kaltegarria suerta liteke. Hala, ondorioztatu dute hobe dela berbak entzutea eta garunari horiek barneratzeko denbora ematea.

Grafikoa: EITB Media

Bestalde, erabat frogatuta dago atsedenak, eta batez ere loak, ikasitakoa oroimenean finkatzen duela. "REM faseak aski laguntzen dio memoriari. Fase horretan uhin jakin batzuk sortzen dira garuneko bi gunetan, hipokanpoan eta talamoan, eta uhin horiek oroimenarekin lotura zuzena dute". Hortaz, ikastea bezain garrantzitsua da atseden hartzea. Dena dela, oraindik argitzeke dago ordu jakin batean ikastea mesedegarriagoa ote den. "Ikerketa batzuen arabera, ez da gauza bera goizean ikastea ala oheratu baino lehen. Azken azterlanek diote egunean zehar ere finkatzen dela oroimena, baina gauza ziurra da batez ere lo gaudenean, gehienbat REM fasean, gertatzen dela hori".

Atsedenak bezala, ariketa fisikoak onurak ekarriko dizkigu ikasteko prozesuan. "Baditugu hori frogatzen duten hainbat ikerketa. Kontua ez da gero eta kirol gehiago eginda oroimen hobea izango duzunik, baizik eta kirolak mesede egingo dizula. Ariketa fisikoa egiten dugunean oxigenazio handiagoa dago, hobeto egiten dugu lo, eta, beraz, REM fasea luzeagoa da, kontzentratuago ere bagaude…", azaldu digu Paz Alonsok.

Azkenik, inor atzean ez uzteko mezu bat helaraziko digu Ikerbasqueko irakasleak: ikasteko gaitasuna ez da zahartu ahala galtzen. BCBLko ikerlariak horrela azaldu digu: "Urteak bete ahala, zarata handiagoa dugu garunean, eta gehiago kostatzen zaigu zerbait ikasteko arreta edukitzea". Jarrai dezagun ikasten, bada, baina neurobiologia irakasle eta bidelagun dugula.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia EAE Gizartea Eguneko albisteak Erreportajeak sakonean Albisteak Zientzia Zientzia hedapena gaur