Gizartea -
INKESTA
Herritarren % 95ek uste dute Administrazioak herritarrek nahi duten hizkuntzan erantzun beharko lukeela
"Euskarari buruzko iritziak" goiburupean egindako galdeketaren emaitzak kaleratu ditu, gaur, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak. Besteak beste, enpresek herritarrek nahi duten hizkuntzan erantzuteko ahalegina egin behar dutela uste dute galdetutako herritarren hamarretik 9k.
EITB.EUS
Euskarari buruz EAEko herritarrek duten iritzia bildu du Prospekzio Soziologikoen Kabineteak gaur argitara eman duen txosten batean. Besteak beste, euskara sustatzeko jardueren inguruan galdetu zaie inkestan parte hartu dutenei, eta horien % 95ek (guztiz ados eta nahikoa ados) uste dute administrazioak herritarrek aukeratzen duten hizkuntzan —euskaraz zein gaztelaniaz— erantzun beharko lukeela beti, eta % 90en iritziz, enpresa pribatuek herritarrek aukeratzen duten hizkuntzan erantzuteko ahalegina egin beharko lukete. Ia inor ez dago bi ideia horien kontra.
EAEn euskara sustatzeko interesgarriak izan daitezkeen hainbat neurri aurkeztu dizkie Jaurlaritzak herritarrei, eta guztiek herritarren gehiengo zabalaren babesa jaso dute.
Enpresen esparruan, gainera, erdiek baino gehiagok, % 74k, uste dute enpresek aukera eman beharko lieketela langile gazteei euskaraz jardun dezaten. Maila apalagoan bada ere, eskolaz kanpoko kirol jarduerak (% 66) eta aisialdi jarduerak (% 65) euskaraz egin beharko liratekeela esatean bat datoz parte-hartzaileak.
Halaber, euskara zabaltzeko ezinbesteko tresna direnez, euskarazko hedabideak berariaz babestu beharko liratekeela uste dute hamar herritarretatik 7,8k.
Era berean, hizkuntza bultzatzeko euskararen ezagutza eta erabilera nagusi diren guneak eratu, eta babestu beharko liratekeela ere irizten dio galdetutakoen gehiengo zabal batek, % 82k, eta gazteek Interneten euskaraz jardun dezaten, euskarazko eskaintza sustatu beharko litzatekeela ere hamarretik zortzik baino gehiagok uste dute.
Euskara sustatzeko lehentasunezko esparruak hezkuntza, administrazio publikoa eta hedabideak dira herritarren gehiengoaren iritziz.
18 urtetik gorako EAE osoko 1.200 pertsona elkarrizketatu dira inkesta hau egiteko. Telefonoz egin ziren elkarrizketa guztiak, azaroaren 16tik 22ra bitartean.