Gizartea -

Gertakaria

Donostiako krimenean ustez parte hartzeagatik atxilotutakoak, epailearen aurrean deklaratzeko zain

Hernaniko 24 urteko gizon bat labanaz hil zuten Eguberri goizean Donostiako Okendo plazan, bi talderen artean izandako borroka baten ondorioz. Hiru pertsona atxilotuta daude.

Erasoa izan den tokia, Okendo plazan.
Erasoa izan den tokia, Okendo plazan.
Erasoa izan den tokia, Okendo plazan.

M. D. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

24 urteko gizon hernaniar baten hilketan ustez zerikusia izateagatik Donostian atxilotutako hiru pertsonek epailearen aurrean deklaratuko dute.

Biktima Eguberri egunean, 06:20an, topatu zuten Gipuzkoako hiriburuko erdiguneko Okendo plazan, arma zuriz zaurituta. Osasun langileak bertaratu ziren, baina gizona lekuan hil zen.

Ordubete beranduago, hilketarekin ustez lotutako bi pertsona topatu zituen Udaltzaingoak Hondarribia kalean. Ertzaintzak biak atxilotu zituen, 20 urteko emakumezko bat eta 26ko gizonezko bat. Ondoren, 24 urteko beste gizon bat atxilotu zuten, bere burua aurkeztu ondoren, Donostian.

Antza denez, erasoa Victoria Cafetik irtetean gertatu zen, elkarren artean ezagunak ziren bi talderen arteko borroka bortitz baten testuinguruan.

Ertzaintzak ingurua hesituta izan zuen hainbat orduz. Goizean zehar, karpa bat jarri, eta frogak bildu zituen, gertatutakoa argitzen saiatzeko. Besteak beste, odola topatu zuen Victoria kafetegian, baita zapatila beltz bat ere plazan.

Atsekabea

Hilketak atsekabe handia eragin du hirian eta hildakoaren jatorrizko udalerrian.

Eneko Goia Donostiako alkateak argi utzi duenez, "portaera larri horiek ez dute tokirik gure hirian, eta ez dugu horrelako jenderik nahi gure artean". Atsekabea adierazi du eta "doluminak eta elkartasuna" adierazi dizkio sendiari.

"Bidegabekeria honen arduradunek justiziaren aurrean erantzun dezatela lehenbailehen", gehitu du.

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak "gure saminik beroena" helarazi die hildakoaren familiari eta gertukoei. "24 urteko pertsona batek bizitza modu honetan galtzea justua ez dela argi dago", esan du, eta "une gogor honetan" Udalaren babesa adierazi die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa