Gizartea -
DONOSTIAKO HILKETA
Elkarretaratzea egingo dute gaur Donostian, Lukas Agirreren hilketa salatzeko
12:00etan Alderdi Ederren egingo dute bilkura. Bien bitartean, gazte hernaniarraren hilketarekin zerikusia dutelakoan atxilotutako hiru pertsonek komisaldegian jarraitzen dute, epailearen aurrera noiz eramango zain.
EITB MEDIA
Igande goizaldean Donostian izandako hilketa gaitzesteko elkarretaratzea egingo dute gaur eguerdian, 12:00etan, Donostiako Alderdi Ederren. Bertako Udalak deitu dute protesta bilkura, eta Hernanikoak bat egin du.
Eguberri egunean hil zuten Lukas Agirre, labankadaz, eta hiru pertsona daude atxilotuta —24 eta 28 urte artekoak—, hilketarekin zerikusia dutelakoan. Igandean atxilo hartu zituztenetik, komisaldegian daude hirurak eta ondorengo orduotan eramango dituzte epailearen aurrera deklaratzera.
Hasiera batean, Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituen, 28 urteko emakume bat eta 26 urteko gizonezko bat, eta ondoren, hirugarren batek, 24 urteko mutil batek, bere burua entregatu zuen amak lagunduta. Hirugarren hori omen da ustezko egilea, eta EITB Mediak jakin ahal izan duenez, zigor aurrekariak ditu.
Atzo Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak esan zuen herria "erabat atsekabetuta" eta gertatukoa "sinetsi ezinda" dagoela. Udalaren izenean, doluminak eta elkartasuna helarazi zizkien biktimaren etxekoei.
Bere aldetik, Eneko Goia Donostiako alkateak argi utzi zuenez, "portaera larri horiek ez dute tokirik gure hirian, eta ez dugu horrelako jenderik nahi gure artean". Atsekabea adierazi zuen eta "doluminak eta elkartasuna" adierazi zizkion sendiari. "Bidegabekeria honen arduradunek justiziaren aurrean erantzun dezatela lehenbailehen", gehitu zuen.