Gizartea -
Indarkeria matxista
Beste hiru hilketa matxista izan dira azken orduetan: Madrilen, Toledon eta Alacanten
Genero indarkeria datuak daudenetik (2003), soilik 2008ko eta 2015eko abenduan izan ziren hilabete honetan baino hilketa matxista gehiago.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Urruntze agindua zeukan 37 urteko gizon batek bere bikotekide ohiaren 20 urteko alaba hil du bart Puente de Vallecasen (Madril). Ondoren, bere buruaz beste egiten saiatu da, Poliziak jakitera eman dutenez.
Ustezko hiltzailea bere burua zauritzen ari zela jakin dute Larrialdi zerbitzuetako langileek, abisu baten bidez. Gizona artatzera joan eta etxe barruan gaztearen hilotza aurkitu dute.
Gizon batek haurdun zegoen emakume bat hil du Toledon
34 urteko emakume bat hil du bikotekide ohiak Escalonan (Toledo), ama izateko astebete falta zitzaiola. Guardia Zibilak atixlotu egin du 52 urteko gizona.
Indarkeria matxistagatik aurrekariak zituen atxilotuak, baina Mostoleseko (Madril) epaitegi batek babes agindua eta kautelazko neurriak kendu zizkion.
Gizon batek bikotekidea hil du Benidormen
Benidormen (Alacant), 22 urteko gazte bat hartu dute atxilo gaur, adin bereko bikotekidea hil duelakoan.
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak prentsaurrekoan esan du, ostegun goizaldean jazotako gertaera ikertzen dabiltzala, eta indarkeria matxista kasu bat izan litekeela, emakumea leihotik "jausi" zenean atxilotua etxean baitzegoen.
Bikotekideak berak deitu zuen 112 telefonora, emakumea "leihotik erori" zela esanez.