Gizartea -
Bilbo
Hiru pertsona atxilotu dituzte Eguberri egunean Indautxun labanaz egindako erasoan zerikusia dutelakoan
19, 21 eta 25 urteko hiru gizonezko dira atxilo hartutakoak, eta horietako bik aurrekariak dituzte antzeko istilu batean nahasita egoteagatik. Bi lagun zauritu ziren istiluetan, horietako bat larri.
EITB Media
Ertzaintzak 19, 21 eta 25 urteko hiru gizonezko atxilotu ditu Bilbon, Eguberri egunean Indautxu auzoan labanaz egindako erasoan zerikusia dutelakoan. Erasoan bi pertsona zauritu ziren, horietako bat larri.
Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, atxiloketak atzo egin zituzten, Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuaren (SICTB) gertatutakoa ikertu ostean.
Atxilotutako hiru lagunetatik bik aurrekariak dituzte iazko uztailean antzeko ezaugarrietako beste istilu batean nahasita egoteagatik. Goizean jarri dituzte epailearen esku. Giza hilketa saiakeraren delitua eta lesio-delitua egotzi diete hirurei.
Abenduaren 25ean, 08:33an, gertatu zen istilua, Bilboko Elkano eta Colon de Larreategi kaleek bat egiten duten lekuan. Hiru gizonezkok eraso egin zieten arma zuriz beste bi pertsonari, zauriak eraginez. Bata Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, eta bestea eta Basurtura.
Biktimetako batek labanaz batekin egindako bi zauri zituen klabikulan eta sabelaldean. Larrien zauritutako gazteak, berriz, zauri bana zuen birikan eta sabelean. Azken horri astelehenean eman zioten senda-agiria.