Gizartea -
sare sozialak
NBEko adituak kezkatuta agertu dira, Twitterren hizkuntza arrazistak gora egin duelako
Hogeitik gora errelatorek eta NBEko adituk giza eskubideak "beren negozio ereduaren erdigunean egon daitezela" eskatu diete Elon Musk bezalako enpresaburuei. Era berean, azpimarratu dute adierazpen askatasunak ez duela diskurtso arrazistarako askatasuna esan nahi.
agentziak | eitb media
Nazio Batuen Erakundeko (NBE) giza eskubideetan adituak diren hainbat espezialistak kezka agertu dute ostiral honetan, Twitterren hizkera arrazista eta gorroto diskurtsoa areagotu direlako, Elon Muskek sare soziala bereganatu ostean, eta giza eskubideak "beren negozio ereduaren erdigunean egon daitezela" eskatu diete hari eta haren gisako enpresaburu teknologikoei.
Hogeitik gora errelatorek eta NBEko adituk sinatutako ohar batean, Rutgers Unibertsitateak (AEB) berriki egindako ikerketa baten berri eman dute. Ikerketa horren arabera, "beltza" (ingelesez oso gutxiesgarria da) bezalako hitz arrazisten erabilera sei aldiz biderkatu da Twitterren zuzentaraua aldatu ondoren.
"Horrek agerian uzten du sare sozialak kudeatzen dituzten korporazioek erantzukizun handiagoa izan behar dutela horietan afrikar ondorengoen aurkako gorrotoa adierazten denean", adierazi dute adituek komunikatuan, eta azpimarratu dute adierazpen askatasunak ez duela diskurtso arrazistarako askatasuna esan nahi.
"Afrikar ondorengoen aurkako gorrotoa bultzatzea, ahalbidetzea eta onartzea (...), egileak animatzeko aitzakiaz gain, estres eta trauma iturri etengabea ere bada", ziurtatu dute.
Adituak kezkatuta agertu dira, halaber, Facebooken (Metaren jabetzapean) iragarki su eragileak, konspirazioaren teoriak eta hauteskunde desinformazioa argitaratzeagatik, nahiz eta konpainiak edukiak gehiago zaintzeko konpromisoak hartu dituen.
Azkenik, Musk, Mark Zuckerberg (Metaren presidentea), Tim Cook (Appleren burua), Sundar Pichai (Googleren zuzendari exekutiboa) eta industria teknologiko globaleko beste zuzendari batzuei eskatu diete beren negozio jarduerak "giza eskubideetara, arraza justiziara, gardentasunera eta etikara" bideratzeko.