Gizartea -

Ikasturte berria Arkautin

532 ikaslek bederatzi hilabeteko prestakuntza hasi dute ertzain edo udaltzain bihurtzeko

Ia % 30 (159) emakumeak dira. Gehienak, % 63,9, Bizkaian bizi dira, % 18,6 Gipuzkoan eta % 1,2 Araban. Bestalde, hamarretik zazpik B2 edo C1 euskara-maila egiaztatu dute.

Irudia: Irekia
Irudia: Irekia
Irudia: Irekia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

532 ikaslek bederatzi hilabeteko prestakuntza hasi dute gaur, gehienak ertzain eta Bilboko udaltzain izateko, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Josu Erkoreka Segurtasuneko sailburuak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusi Andres Zearretarekin batera, Euskal Poliziaren hurrengo promozioaren hautaketa- eta prestakuntza-ikastaro berria inauguratu du gaur goizean Arkautin.

Ia % 30 (159) emakumeak dira, eta ikasleen % 77 18 eta 33 urte bitartekoak. Gehienak, % 63,9, Bizkaian bizi dira, % 18,6 Gipuzkoan eta % 1,2 Araban. Bestalde, hamarretik zazpik B2 edo C1 euskara-maila egiaztatu dute.

Xedeei dagokienez, gehienek (402 pertsona, % 75,5) ertzain izateko helburuarekin ekin diote prestakuntzari. Gainerako 130 pertsonak oposizio-lehiaketara plazak atera dituzten 27 udaltzaingoetako batean sartuko dira, eta Bilboko Udala izan da plaza gehien eskaini dituena, 60 hain zuzen ere.

Erkorekaren arabera, "kopuru horiek agerian uzten dute belaunaldien arteko erreleboa burutzen ari direla Ertzaintzan eta Euskadiko udaltzaingoetan, gero eta gazte, prestatu eta euskaldun gehiago sartzen diren polizietan".

Horrela, gaurtik aurrera eta datozen bederatzi hilabeteetan, Euskal Poliziako 532 hautagai berriek prestakuntza teorikoa eta praktikoa jasoko dute ertzain eta udaltzain izateko.

Prestakuntza fasea gainditzen dutenek diploma lortuko dute, eta 12 hilabetez hasiko dira behin-behineko plaza lortu duten Euskal Poliziako kidegoetan praktikak egiten.

Ordaindutako praktikak izango dira, eta arrakastaz gaindituz gero, agenteak karrerako funtzionario bihurtuko dira behin betiko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak