Gizartea -

eguraldia

Negu beteko eguraldia datozen orduetarako: euria, haizea eta elurra

Arratsaldean elurraren maila 600-800 metro inguruan egon liteke, eta egunaren amaieran 400 metrora jaitsi.

Bi pertsona Zurriola hondartzan, olatuei begira. Argazkia: EFE
Bi pertsona Zurriola hondartzan, olatuei begira. Argazkia: EFE
Bi pertsona Zurriola hondartzan, olatuei begira. Argazkia: EFE

i.l.k. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Negua bat-batean iritsi da, eta antzeko giroa aurreikusi dute Euskalmetek eta EITB Mediako meteorologia zerbitzuak hurrengo egunetarako. Horien arabera, litekeena da giro makurra asteburu partera arte luzatzea

Gaur negu beteko eguraldia izango dugu: prezipitazio ugari, mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haize bortitza eta elur-kotak behera. Hala, arratsaldean elurraren maila 600-800 metro inguruan egon liteke, eta egunaren amaieran 400 metrora jaitsi.

Gainera, Euskalmeten iragarpenaren arabera, arratsaldean ezegonkortasuna areagotu egingo da eta egunaren amaieran kostaldetik hurbil ekaitzak jo eta txingorra bota lezake. Hotz egingo du eta tenperatura maximoak 10 graduren azpitik geldituko dira txoko guztietan.

Gauzak horrela, tenperatura maximoa 10 gradukoa izango da Donostian, eta minimoa 5ekoa. Bilbon, berriz, tenperatura altuena 11 gradukoa izango da, eta baxuen 6 gradukoa. Gasteizen 6 gradukoa izango da altuena, eta baxuena 1ekoa. Azkenik, Iruñean 7 gradukoa izango da altuena, eta 3koa baxuena.

Biharko (asteazkena) ere negu gorriko eguraldi ezegonkorra espero da, eta giro hotzak zein elurrak protagonismoa hartuko dute oraingo honetan. Zaparrada mardulak botako ditu sarri, Kantauri isurialdean bereziki, eta baliteke bertan trumoi-ekaitzak jotzea.

Elur-kota 300 eta 400 metro artean kokatuko da, baina baliteke zenbait momentutan maila baxuagoan ere zuritzea. Hori dela eta, alerta laranja ezarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak elurragatik, egun horretarako.

Elurragatik ezarritako alerta laranjaz gain, beste bi abisu hori egongo dira indarrean: prezipitazio iraunkorrengatik Bizkaian eta Gipuzkoan, eta itsasaldeko arriskuagatik, 5 metrorainoko olatuak tarteko.

Gainera, mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du kostaldean eta mendi inguruetan, giroa are gehiago mikaztuz. Hotza nabarmenduko da eta barnealdeko leku askotan zeropeko balioak neurtuko dira; Araba eta Nafarroa aldean, batik bat.

Ostegunean, elur maila igotzearekin batera, baliteke gradu pare bat epeltzea. Izan ere, goizean goiz elur-kota 300 metroren inguruan ibiliko bada ere, egunak aurrera egin ahala 800 metrora igo liteke berriro.

Mendebaldeko haizea ibiliko da, barnealdean ipar-mendebaldekoa izango dena. Prezipitazioak ugariak izan arren, gaurtik hasita eta asteazkenera bitartekoak baino urriagoak izango dira ziurrenik.

Uneoro, eguraldiaren aurreikuspena kontsulta dezakezu eitb.eus-en, edo zure argazki eta bideoak bidali.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gaurko albisteak Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba Iparraldea argazkiak Alerta meteorologikoak albisteak EAE Eguraldia Donostia Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea