Gizartea -
medikuntza
MIR azterketa, ikasketa ordu amaigabeak amestutako lanpostuaren bila
Larunbatean, hilaren 21ean, etorkizuneko medikuek hitzordu garrantzitsua dute: MIR azterketa. Guztira, 8.550 plaza daude jokoan, horietatik 713 Hego Euskal Herrian. Zeintzuk dira plaza gehien eskaintzen dituzten espezialitateak? Eta ikasleen adar gustukoenak?
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Medikuntzako ikasleentzako hasi da atzerako kontaketa. Larunbat honetan, urtarrilaren 21ean, milaka mediku ziur asko beren ibilbidean zehar izan duten azterketarik garrantzitsuenaren aurrean izango dira: MIR proba. Azterketa horretan lortutako notak zehaztuko du askorentzat euren etorkizuna.
2022-2023 deialdi honetan Osasun Ministerioak medikuntzako espezialitateetarako eskainiko dituen 8.550 lanpostuetatik 713 Hego Euskal Herrian eskainiko dira. Zehazki, Osakidetzan 519 plaza daude eskuragarri, iazko kopurua gaindituz (28 gehiago); Osasunbideak, berriz, 193 plaza eskainiko ditu Nafarroan, aurreko ikasturtean baino bat gutxiago.
Zeintzuk dira plaza gehien eskaintzen dituzten espezialitateak?
Ohi bezala, Familia eta Komunitateko Medikuntza espezialitateak eskainiko du plaza gehien deialdi berri honetan. EAEn 109 plaza daude eskuragarri adar horretarako, eta Foru Erkidegoan, berriz, 40. Horrenbeste plazarekin, baina, nabarmentzekoa da eskaria txikiagoa izaten dela eta plaza horiek azkenetakoak izaten direla agortzen.
Familia-medikuntzaren atzetik Pediatria dago. Euskadin, 29 plaza banatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleen artean. Nafarroan, berriz, 10 plaza egongo dira eskuragarri. Hirugarren eta laugarren postuan daude Barne Medikuntza eta Anestesiologia espezialitateak.
Zein espezialitate izaten da ikasleen artean arrakastatsuena?
Arrakasta gehien izaten duen espezialitateko bat Dermatologia da, eta MIR probetan nota onena lortzen duten ikasleen ehuneko handi batek aukeratzen du adar hori. Deialdi honetan, Euskadin 5 plaza eskainiko dira espezialitate horretarako, eta, Nafarroan, 3.
Badira, baina, beste espezialitate izar batzuk ere, Kirurgia Plastikoa edo Erradiologia kasu, eta kinielen arabera, aurtengo faboritoen artean daude baita ere Anestesiologia, Kardiologia edo Barne Medikuntza. Euskadin, adibidez, kardiologiarako 8 plaza eskainiko dira, eta, Nafarroan, 4.
Askoren arabera, gainera, Psikiatriak zerrendan postuak nabarmen igoko ditu eta faboritoetako bat izango da deialdi honetan, baita guardiarik ez duten beste espezialitate batzuk ere, hala nola Endokrinologia, Oftalmologia edo Erreumatologia.
Zertan datza MIR azterketa?
Medikuntzako Gradua iraupen luzeko karrera da eta gai orokorrak jorratzen dira batik bat. Horregatik, ikasleek prestatzen jarraitu behar dute adar batean edo bestean eta, hortaz, etorkizuneko mediku baten bizitzan une garrantzitsua izaten da espezialitatea aukeratzeko une hori, bere ibilbide profesionala markatuko baitu.
Horretarako, MIR azterketa dute; izan ere, deialdi hori urtero egiten du Osasun Ministerioak. Erkidego guztietan ordu berean egin ohi den proba da, guztietan azterketa bera. Proba horretan lortutako puntuazioaren arabera, etorkizuneko medikuek adar bat aukeratuko dute espezializatzeko, eta zein ospitaletan prestatuko diren erabakiko dute.
Data garrantzitsuak
Urtarrilaren 21a. Egun horretan egingo da 2023ko MIR azterketa. Proba 16:00etan hasiko da, baina ikasleek ordubete aurretik, hau da, 15:00etarako egon beharko dute azterketa egingo den tokian.
Urtarrilaren 27an: Azterketa egin eta bost egunera, Batzorde Kalifikatzaileek zuzentzat jotzen dituzten erantzunak argitaratuko ditu Osasun Ministerioak. Emaitzekin ados ez dauden ikasleek beste hiru egun izango dituzte erreklamazioak egiteko.
Otsailaren amaieran: MIR 2023ko azterketaren behin-behineko emaitzak argitaratuko dira.
Martxoaren amaieran: 2023ko MIR azterketaren emaitza ofizialak argitaratuko dira.
Apirila amaieran: Plaza arruntak eta ezohikoak esleitzeko deialdia egingo da.