Gizartea -
EPAIKETA
Badiolak ukatu egin du pertsona ezagunak iraindu zituzten kontuekin loturarik izatea
Talde txuri-urdineko presidente ohiak adierazi duenez, ez du ez informaziorik sortu ezta zabaldu ere, eta gertaera horiek ez dutela berarekin zerikusirik adierazi du. Politikari, epaile eta kazetarien aurkako ustezko kalumniengatik 66 urteko kartzela-zigorra eskatzen du Fiskaltzak Badiolarentzat.
EITB MEDIA
Iñaki Badiola Realeko presidente ohiak ukatu egin ditu epaiketaren lehen egunean Gipuzkoako politikarien, kazetarien eta magistratuen aurka egindako ustezko kalumnia eta irainak: "Ez dut informaziorik sortu, ezta argitaratu ere", adierazi du bere testigantzan. "Gertakari horiek ez dute nirekin zerikusirik", gaineratu du. Badiolak abokatuaren galderei baino ez die erantzun.
Gaur abiatu da Donostiako Zigor Arloko 3 zenbakiko Epaitegiak Iñaki Badiola Realeko presidente ohiaren aurkako ahozko epaiketa, hainbat egunez luzatuko dena, gutxienez, ostegunera art. Real Sociedadeko presidente ohiarentzako 66 urteko kartzela-zigorra eskatzen du Fiskaltzak hainbat pertsona ospetsuri sare sozialen bidez ustez egindako kalumniengatik eta irainengatik, tartean Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari eta Odon Elorza PSOEko Kongresuko diputatu eta Donostiako alkate ohiari.
Iraindutakoen artean daude, baita ere, Gipuzkoako zenbait magistratu, Justizia Administrazioko abokatu bat, Gipuzkoako Foru Ogasuneko hiru arduradun, notario bat, komunikabide bat eta hainbat kazetari.
Fiskaltzaren akusazio idatziaren arabera, Badiolak publizitatea eman zioen sareetan gezur sorta bati, aipatu pertsona horien izen onari kalte eginez. Horretarako, auzipetuak Twitterreko bi profil erabili zituen: lehenengoa, 2015eko urritik 2018ko apirilera, eta behin hori kendu ziotenean, bigarrena, urte hartako maiatzaren 11ra arte.
Fiskaltzak uste du Badiola jakitun zela argitaratutako guztia faltsua zela. Aipatutako pertsonen ohorearen kontrakoak lirateke bertako baieztapenak.