Gizartea -
Lekunberriko krimena
18 urteko espetxe zigorra ezarri diote Asier Lavanderaren hiltzaileari
Fiskaltzak eskatzen zuenarekin bat egin du epaiak eta 18 urteko espetxe zigorraz gain, 200.000 kalte-ordainak eman beharko dizkio akusatuak Lavanderaren familiari.
Erredakzioa
Auziko herri epaimahaiaren buru den presidenteak 18 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Sergio Fernando R.S. gazteari, Lekunberrin Asier Lavandera hiltzeagatik.
Gaur jakitera eman den epaiaren arabera, Sergio Fernando R.S. gazteak ankerkeriaz hil zuen Lavandera.
Asier Lavandera, 23 urteko gaztea, 2010eko urtarrilaren 16an hil zen Lekunberrin, Mao Mao diskotekaren irteeran. Akusatuak bost labankada eman zizkion Lavanderari, eta, ondoren, lurrean zegoela, beste bi eman zizkion bizkarretik.
Espetxeaz gain, familiari 213.133 euroko kalte-ordaina emateko zigorra ezarri dio akusatuari.
Era honetan, epaiak fiskaltzaren erabakiarekin bat egiten du. 18 urteko espetxe-zigorra eta 200.000 euroko kalte-ordaina eskatzen zuen. Akusazio partikularrak, ordea, 25 urteko zigorra eta hildakoaren gurasoei 300.000 euroko kalte-ordaina ematea eskatu zuen. Azkenik, defentsak, homizidioa izan zela argudiatu eta zirkunstantzia aringarriak aipatu zituen, horregatik, horrelako delituei dagokien zigorrik txikiena eskatu zuen, hau da, 15 urteko espetxealdia.