Gizartea -
Eguraldi iragarpena
Asteburuko eguraldi iragarpena: larunbata, eguzkitsua eta hotza; igandea, lainotsu eta epelagoa
Larunbatean, eguzkia eta hotza izango dira nagusi egunaren lehen partean. Larunbat arratsaldean eta igandean, hodeiak ugaritu egingo dira, batez ere lurraldearen iparraldean, eta igandean, tantaren bat bota dezake.
EITB Media
Ostiral hotz eta eguzkitsu baten ostean, asteburua ere hotz eta eguzkitsu hasiko da, baina larunbat arratsaldetik aurrera hodeiak ugaritzen joango dira eta igandean zerua estalita egongo da, batez ere ipar partean, eta zirimiria ere egin lezake, Euskalmet, Aemet eta Meteo Franceren iragarpenen arabera.
Larunbata giro eguzkitsuarekin eta tenperatura hotzekin hasiko da. Hala ere, behe-hodeiak azken egunetan baino ugariagoak izango dira, batez ere ipar partean eta arratsaldean. Gauean hodeiak nagusituko dira isurialde atlantikoan.
Tenperaturek gorabeherarik gabe jarraituko dute; izotza egingo du berriro lehen orduetan, tenperatura minimoak hotzak izango dira berriro, zeropekoak barnealdeko puntu askotan. Maximoak, aldaketarik gabe, 10-12 gradu ingurukoak izango dira lurralde osoan. Ipar haizea nagusituko da egunaren bigarren partean.
Igandean, zerua lainotuago egongo da, eta ez da baztertzen ipar partean eta egunaren lehen orduetan euri txikia egitea. Hegoaldean, aurreko egunetan baino hodei gehiago ikusiko ditugu, baina eguzki-tarteak ere izango dira.
Ipar-iparekialdeko haizeak indar gehixeagoz joko du, baita ziertzoak ere Ebro ibarrean.
Tenperaturari dagokionez, igandean, minimoak igo egingo dira dira 4-7 gradu ingurura arte, eta maximoak, berriz, jaitsi, eta nekez gaindituko dituzte 10 gradu. Izozteak ez dira hain ugariak izango, eta egiten duena ere arinagoa izango da.