Gizartea -
Hezkuntza
Zabalik da 2023-2024 ikasturterako aurrematrikula egiteko epea
Otsailaren 24ra arte egongo da 2 urteko haurrak matrikulatzeko aukera. Aurten Eusko Jaurlaritzak ezarritako irizpide berrien bitartez, ikastetxeen artean ikasle zaurgarrien banaketa orekatua lortzeko lehen urratsa emango da, eta plazak lortzeko baremazioan ere aldaketak izango dira.
EITB Media
Gaur zabalduko da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan 2023-2024 ikasturterako aurrematrikula egiteko epea. Gaur hasi eta otsailaren 24ra arte (biak barne) 12 egun izango dituzte familiek 2 urteko euren seme-alabak 698 ikastetxe publiko zein itunpekoetan matrikulatzeko.
Aurten Eusko Jaurlaritzak ezarritako irizpide berrien bitartez, ikastetxeen artean ikasle zaurgarrien banaketa orekatua lortzeko lehen urratsa emango da.
Horretarako, aurrematrikula egiterakoan familiek euren egoera sozioekonomikoaren inguruko inkesta bete beharko dute. Informazio hori aztertuta, Hezkuntza Sailak argituko du 2 urteko zenbat ikasle zaurgarrik eman duten izena ikastetxe bakoitzean. Ondoren, ikasle horiek ikastetxe guztietan, publikoetan nahiz itunpekoetan, modu orekatuan banatuko dira.
Plazak esleitzeko baremazioan ere aldaketak izango dira aurrerantzean, eta etxebizitzaren eta eskolaren arteko hurbiltasunak jasoko ditu puntu gehien, bai eta ikastetxe jakin batean aurrez anai-arrebaren bat matrikulatuta egoteak ere.
Iaz 13.000 inguru izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan 2 urteko geletan matrikulatutako haurrak. Aurten, baina, matrikulazio kopurua jaistea espero da, jaiotza tasaren beherakada dela medio.