Gizartea -
Hezkuntza
Hezkuntza Sailak zazpi milioi euro bideratu ditu ikastetxe publikoetara, jolastoki inklusiboak eratzeko
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak udal titulartasuna duten tokietan daudenez, jolastokietarako obra proposamenak aurkezten dituzten udaletara bideratuko dute dirua.
EITB MEDIA
Gobernu Kontseiluak onartu egin du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ikastetxe publikoetako jolastokiak berritzeko egindako proposamena. Hain zuzen ere, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako jolasguneak egokitzeko egindako lanak finantzatzea galdegin zuen Bildarratzek.
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak udal titulartasuna duten tokietan daudenez, jolastokietarako obra proposamenak aurkezten dituzten udaletara bideratuko dute dirua.
2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako eta 2023ko abenduaren 31a baino lehen bukatutako obrak hornituko dituzte diruz, eta, aurreikusitakoaren arabera, aurrekontuaren % 90 hartuko du bere gain Jaurlaritzak. Gainerako % 10 udalen esku geratuko da. Gehienez, 87.210 euro (BEZa barne) jasoko ditu ikastetxe bakoitzak.
Jolastoki inklusiboak
Berdintasuna eta aniztasuna errespetatzen duten jolastokiak eraikitzea da asmoa. Inklusiboa izateak dakar ume guztiei zuzendutako guneak sortzea.
Finantzaketa bateragarria da Udalaguntzaren laguntzarekin. Azken horrek udalek ikastetxeetako instalazioak hobetu eta eguneratzeko lanak finantzatzen ditu.