Gizartea -
AUZITEGI GORENA
Gorenak berretsi egin ditu Llanesko IUko zinegotziaren hilketagatik auzipetutakoei ezarritako zigorrak
Hala, hilketaren eragileari eta bi egileei 22na urteko espetxe zigorra ezarri die, eta bitartekari lanak egin zituenari, 20koa. Datorren astean kaleratuko da ebazpena osorik, eta orduan ezagutuko dira Gorenaren erabakiaren xehetasunak.
EITB MEDIA
Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak berretsi egin ditu Javier Ardines LLanesko (Asturias, Espainia) IUko zinegotziaren hilketarekin —2018an izan zen— lotuta auzipetutako lau gizonezkoei aurrena Oviedoko Lurralde Auzitegiak ezarritako eta ondoren Asturiasko Justizia Auzitegi Nagusiak onetsitako zigorrak.
Horrenbestez, Gorenak atzera bota ditu lau auzipetuek aurkeztutako kasazio helegiteak, eta hilketaren eragileari eta bi egileei 22na urteko espetxe zigorra ezarri die, eta bitartekari lanak egin zituenari, 20koa.
Gorenak gaur jakinarazi die erabakia Oviedoko Lurralde Auzitegiari eta Asturiasko Justizia Auzitegi Nagusiari, eta baita zigortuei eta biktimaren abokatuari ere. Datorren astean kaleratu da ebazpena osorik, eta orduan ezagutuko dira azken epai horren xehetasunak.
Ardines 2018ko abuztuaren 16an hil zuten, Asturiasko bere etxetik gertu, kolpeka. Epaiketa 2021eko azaroan egin zuten, eta 18 saioren ostean, lau gizonak errudun jo zituen herri epaimahaiak, aho batez.