Gizartea -

ELKARRIZKETA

Iñaki Williams: "Pertsona bat ez da ontzi batean sartzen, zer gertatuko den jakin gabe, plazer hutsagatik"

Arantza Ruizek Iñakiri eta Nicori, haren anaiari, egindako elkarrizketan, Iñakik salatu du "horrelako gauzak ikusten jarraitzea oso tristea" dela. "Gurea istorioa zoriontsua izan da, baina telebistan ateratzen ez diren milaka istorio daude, jendeak sufritzen dituenak", gogorarazi du.

Iñaki eta Nico Williams '12 minutos' saioan.
Iñaki eta Nico Williams '12 minutos' saioan.
Iñaki eta Nico Williams '12 minutos' saioan.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Williams, Athleticeko aurrelaria, Mediterraneoan etengabe izaten ari diren hondoratze eta heriotzen inguruan mintzatu da ETB2ko '12 minutos' tartean. "Etorkin bat ez da bere herrialdetik irteten eta ontzi batean sartzen, zer gertatuko den jakin gabe, plazer hutsagatik edo inoren ogia kentzeko, etorkizun hobe baten bilatzeko baizik", azpimarratu du jokalari zuri-gorriak.

Arantza Ruizek Iñakiri eta Nicori, haren anaiari, egindako elkarrizketan, Iñakik salatu du "horrelako gauzak ikusten jarraitzea oso tristea" dela. "Gurea istorioa zoriontsua izan da, baina telebistan ateratzen ez diren milaka istorio daude, kontatzen ez direnak, jendeak sufritzen dituenak", gogorarazi du.

"Jendeak askotan ez du enpatiarik"

Zentzu horretan, agerian utzi nahi izan du "jendeak askotan" ez duela enpatiarik. "Askotan gure zilborrari bakarrik begiratzen diogu, gure ezker-eskuin gertatzen denari; oker gaude eta ez dugu munduan benetan gertatzen dena ikusten", nabarmendu du. Horregatik, "guztiok elkarri pixka bat begiratu eta aldaketa txiki bat" egiten saiatu beharko genukeela iradoki du, "jendeak etorkizun hobea izan dezan".

Anaia zaharrenak gogora ekarri duenez, 12 urtetik 20 urtera arte aita urtean apenas bizpahiru aldiz ikusten zuen, lanagatik Londresera joan behar izan zuelako. Egoera horretan, ama goraipatu du: "Ama zen gu zaintzen gintuena. Hain hurbila den figura hori, guregatik sufritu duen bezala ikustea, aitak ere lan egiten zuela eta ahalegin handia egiten zuela alde batera utzita, ez genuen hain gertutik ikusten". "Gure ama beti egon da hor, emakume gaixoak beti egin du dena bere seme-alaben mesedetan", berretsi du.

Hala ere, aurrelari zuri-gorriak haurtzaro "zoriontsua" izan zuela dio, ez zitzaiola inoiz janaririk falta izan platerean, baina aitortu du "egunean" bizi zirela eta zenbait garaitan ezin izan zituztela ordaindu argia, ura eta etxearen letra.

Anaietan zaharrenak onartu du ez dituela inoiz ahaztu une zail horiek eta heldutzen lagundu ziotela.

Iruñetik Bilborako lekualdatzeaz ere hitz egin du: "Banekien etxean lagundu behar nuela eta gauzak oso ondo egin behar nituela aukera hori izateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Athletic Migrazioa Europa Arrazismoa Gizartea Euskal Telebista Eguneko albisteak Albisteak Iñaki Williams Athletic Club bideoak Errefuxiatuak Azken ordua Nico Williams