Gizartea -

HAURRENTZAKO DIRULAGUNTZAK

8.447 eskaera egin dira lehen 24 orduetan 3 urtetik beherako umeak dituzten familientzako laguntzak jasotzeko

Hiru urtetik beherako haurrak dituzten familia guztiek hilean 200 euroko laguntza eska dezakete, zazpi urte bete arte, eta hilean 100 euro, hirugarren eta ondorengo seme-alaba bakoitzeko. Berdintasun sailburuaren esanetan, "kobratzeko eskubidea duten familia guztiek jasoko dute".

Infografia: EITB
Infografia: EITB
Infografia: EITB

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazken honetan ireki du Jaurlaritzak 3 urtetik beherako seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntza berriak eskatzeko epea. Lehen 24 orduetan, 8.447 eskaera erregistratu dira, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez. Eskaera kopurua lurraldez lurralde bereizita:

- Araba: 1.355 eskaera

- Bizkaia: 4.123 eskaera

- Gipuzkoa: 2.969 eskaera

Lehen ordainketak apirilean egitea aurreikusten dute, baina atzeraeragina izango du.

Hiru urtetik beherako haurrak dituzten familia guztiek hilean 200 euroko laguntza jasotzea eska dezakete, umeak zazpi urte bete arte, eta hilean 100 euro, hirugarren eta ondorengo seme-alaba bakoitzeko.

Zure interesekoa izan daiteke: Nola eskatu laguntza horiek?

Berdintasun sailburuak azpimarratu duenez, neurri horren bidez "euskal familiek 7.200 euro jasoko dituzte zuzenean seme-alaba bakoitzeko eta beste 4.800 euro hirugarren eta hurrengo seme-alaba bakoitzeko"; beraz, prestazioa 12.000 eurorainokoa izan daiteke. Laguntza hori "kenkari fiskalei eta beste laguntza eta ekimen batzuei gehituko zaie, hala nola haurreskolak doan izatea, gazteak emantzipatzeko laguntzak edo lana eta familia bateratzeko laguntzak".

Laguntza berri horrekin, demografiaren erronkari aurre egin nahi zaiola nabarmendu du Melgosak; izan ere, azken urteotan, Eustaten datuek erakutsi dute Euskadiko jaiotza-tasa Europako batezbestekoaren oso azpitik dagoela, eta etengabe jaisten ari dela. Gainera, prospekzio soziologikoen arabera, euskal herritarrek nahi baino seme-alaba gutxiago dituzte, arrazoi ekonomikoak direla eta.

Eskaerak egiteko epea gaur abiatu bada ere, urrira arte luzatu du Jaurlaritzak, eta, hala, Melgosak lasaitasuna eskatu die euskal herritarrei, "kobratzeko eskubidea duten familia guztiek" jasoko baitute laguntza, eta, gainera, "atzeraeragina izango du, kasu guztietan". 

Bide telematikoa erabiliz egin daiteke eskaera, baita Zuzenean ordezkaritzen bidez (Bilbon, Donostian eta Gasteizen), posta bulegoetan eta udaletxeetan. Halaxe iragarri du Melgosak Familien eta Haurren Zuzendaritzako taldera egin duen bisitan. Laguntzak Zuzendaritza horrek kudeatzen ditu, eta langile gehienak Gasteizko seminarioan daude. Sailburuaren hitzetan, Saila lanean ari da jada "lehenengo ordainketak apirilean egiteko", eta 65 langile bideratu dituzte horretara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak EAE Gizartea albisteak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Dirulaguntzak Euskadin