Gizartea -
GROOMING-A
Gizonezko bat atxilotu dute Basaurin, adin txikiko bati sexu proposamenak egiteagatik mugikor bidez
Irailean jarri zuen adin txikikoaren familiak salaketa Ertzaintzaren aurrean. Ikerketak irekita jarraitzen du, biktima gehiago ote dagoen argitzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ertzaintzak 39 urteko gizon bat atxilotu du Basaurin, adingabe bati proposamen sexualak egiteagatik. Ustezko "grooming" kasu horren inguruko ikerketa zabalik dago oraindik, biktima gehiago ote dauden argitzeko.
Familiak irailean jarri zuen salaketa Ertzaintzaren aurrean eta hainbat hilabeteren ostean, martxoaren 7an atxilotu zuten gizona.
Adin txikikoaren senide batek salatu zuen mutikoaren telefono mugikorrean hainbat heldu ezezagunekin izandako sexu-elkarrizketak topatu zituela. Horietan, mutikoaren adinaren berri izan arren, sexu proposamenak egiten zizkioten eta eduki sexualdun argazki-materiala bidal zezala eskatzen zioten. Aurrez aurre geratzea ere proposatu zion pertsona batek adin txikikoari, bere bizilekura bila joateko prest agertuz.
Ertzaintzaren Informazioaren Teknologietako Delituen Atal Nagusiak egindako ikerketen ondoren, egileetako bat nor den jakin ahal izan zen, eta Basaurin atxilotu zuten.
Orain, atxilotutako pertsona horri atzemandako gailuak aztertzen ari dira biktima gehiago ote dauden argitzeko.