Gizartea -

NAFARROAKO GOBERNUA

Nafarroako familiek 100 euroko laguntza jasoko dute hilean 3 urtez azpiko seme-alaba bakoitzeko

Laguntza jasotzeko, gehienez 70.000 euroko errenta izan beharko du familia unitateak. Diru-iturri bakarreko kasuetan, langa 45.000 eurokoa izango da. 1.200 euroko ordainketa bakarrean emango da dirua.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

45.000 euro baino gutxiagoko errenta (diru-iturri bakarra duten kasuetan) duten Nafarroako familiek 100 euro jasoko dituzte hilean 3 urtez azpiko seme-alaba bakoitzeko. Atzeraeragina izango du neurriak, 2023ko urtarriletik. Familiek diru-iturri bat baino gehiago izanez gero, langa 70.000 eurokoa izango da.

Asteroko gobernu bileraren ondorengo agerraldian jakinarazi du berria Mari Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariak. Eman dituen datuen arabera, 9.000 familia inguruk jasoko dute laguntza. Ordainketa bakarra egingo da, urtean 1.200 eurokoa.

Foru Gobernuak 10,7 milioi euro bideratuko ditu dirulaguntza honetara. Maeztuk esan duenez, 2012an kendutako neurri bat berreskuratu dute.

3 urte baino gutxiagoko seme-alabak dituzten familien % 65ek jasoko dute laguntza. Harrera familiek ere jaso ahal izango dute, harrera aurreko fasean zein harrera iraunkorrean daudenek.

Aldiz, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren hartzaileek ezingo dute gaur iragarritako diru-saria eskatu. 

Epaile batek hala erabakita haurraren zaintza partekatua duten familien kasuan, gurasoen esku egongo da laguntza bietako zeinek eskatu eta jaso erabakitzea.

Azkenik, erroldarena da bete beharrezko beste baldintzetako bat. Laguntza eskatzeko, gutxienez sei hilabetez Nafarroan erroldatuta egon beharko da.

Eskaria bideratzeko, bi modu daude: aurrez aurre, Eskubide Sozialetako Kontseilaritzaren edota gizarte zerbitzuetako udal bulegoetan; edota, online bidez, Nafarroako Gobernuko webgunearen bidez.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua