Gizartea -
ONLINE EPAIKETAK
Epaiketa telematikoak: Nolakoak dira eta non egiten dira?
Barakaldoko lehen auzialdiko epaitegiek 115 epaiketa telematiko egin dituzte 10 hilabetean. Susana Leston Barakaldoko epaile dekanoaren arabera, EAEko Justizian proiektu aitzindaria da, eta epaitegien karga arindu eta alferrikako joan-etorriak ere saihestuko ditu.
N. B. | EITB MEDIA
Egia da epaiketa bat online eta aurrez aurre ez direla gauza bera. Hala ere, online epaiketak egitate bat dira, ez daude erabat hedatuta, baina gero eta gehiago dira egunetik egunera. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 115 epaiketa telematiko egin dira 10 hilabetean, guztiak Barakaldoko (Bizkaia) lehen auzialdiko epaitegietan, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren EpaiDigitala proiektu pilotuari esker.
Tresna horrek informazioaren teknologien erabilera zabaltzen du, eta profesionalei aukera ematen die jarduera telematikoak baliatzeko, justizia-jauregira joan gabe. Beste era batera esanda, espedienteak modu digitalean kudeatzeaz eta bideokonferentziak egiteaz gain, teknologia berrien erabilera zabaldu egiten da edozein gailuren bidez (mugikorra, tableta edo ordenagailua) eta edozein lekutan ahozko ikustaldiak eta epaiketak egiteko, Webex izeneko aplikazio baten bidez.
Lehen epaiketa telematikoa 2022ko maiatzean egin zen EAEn, Barakaldoko barruti judizialean. Zehazki, 4 zenbakiko lehen auzialdiko epaitegian, Susana Leston epaile dekanoaren ardurapean, eta hilabete batzuk geroago, hiriko epaitegi guztietara hedatu da.
Lestonen arabera, epaileek eurek erabakitzen dute telematikoki gauzatu beharreko epaiketak zein diren. "Instantziako epaitegietatik hasi gara, epaiketa sinpleagoak direlako. Gehienetan aseguratzaileek eta banketxeek esku hartzen dute", baina "jurisdikzio penalera ere hedatu da".
Epailearen ustez, tresna horrek "sarbidea errazten die pertsona talde jakin batzuei". Era berean, "proiektuak, oro har, oso harrera positiboa izan du", horren hitzetan. Azaldu duenez, "nahi duten abokatuek bista telematikoa eska dezakete. Epaileok metodo egokia den baloratzen dugu, epaiketaren inguruabarrak kontuan hartuta". Hala ere, oraindik ere badaude metodo tradizionala nahiago duten profesionalak, eta "haien eskaera errespetatzen da", gaineratu du.
Lestonen esanetan, argi dago neurri horiek guztiek erregulatuta egon behar dutela, eta araututa egon behar du online zein epaiketa egin ahal diren: "Epaiketa telematikoek eraginkortasuna eta eskuragarritasuna bermatu behar dute, baina baita beharrezko berme prozesalak errespetatu ere".