Gizartea -
Indarkeria matxista
30 urteko gizon bat atxilotu dute Bilbon, Errioxan emakume gazte bati sexu erasoa egitea egotzita
Gazteak Arabako institutu batean kontatu zuen pairatutakoa, eta salaketa jartzea erabaki zuen gero. Erasotzailea sare sozialen bidez ezagutu zuen, eta elkar ikusteko hitzordua jarri ostean egin zion erasoa. Astelehenean atxilotu zuten gizona.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Poliziak gizonezko bat atxilotu du Bilbon, Errioxan egindako sexu eraso baten egile delakoan, Poliziak ohar batean jakinarazi duenez. Atxilotutakoa, 30 urteko gizasemea, astelehenean atxiki zuten.
Aurrez, salaketa aurkeztu zuen emakumeak Espainiako Poliziak Logroñon duen komisarian. Salaketaren arabera, gizona Instagram sare sozialaren bidez ezagutu, eta Errioxan egin zuen hitzordua harekin. Bertan egin zion eraso, indarra erabilita. Erasotzailearen deskuidu bat baliatuta, biktimak ihes egitea lortu zuen.
Emakumeak, errioxarra sortzez baina Arabako institutu batean ikasle, ikastetxean kontatu zuen erasoa, eta salaketa jartzea erabaki zuen ondoren.
Ustezko erasotzailea, Portugaleten bizi den 30 urteko gizonezko bat, astelehenean atxilotu, eta epailearen esku utzi zuten.