Gizartea -

Kontzilia Komunitatea

Urtean 30 milioi euro bideratzen ditu Jaurlaritzak lana eta familia bateragarri egiteko neurrietara

2022an, 12.007 pertsonak jaso zituzten laguntzak seme-alabak zaintzeko eszedentziengatik eta murrizketengatik. 28,3 milioi euroko inbertsioa egin zuen horretan Jaurlaritzak.

Aita eta alaba, paseoan
Aita eta alaba, paseoan
Aita eta alaba, paseoan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak lana eta familia bateragarri egiteko neurrien alde egindako apustua berretsi du ostegun honetan Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak. Haren esanetan, Jaurlaritzak urtean 30 milioi euro bideratzen ditu kontziliazio neurrietara. 25 enpresa daude dagoeneko Kontzilia Komunitatean, eta horiek guztiek langileei familiarekin denbora gehiago egoteko aukera bermatzen dien plana jarri beharko dute abian bi urteren buruan.

Bilbon aurkeztu du Melgosak Kontzilia Komunitatea. Bertan, gogora ekarri du murrizketengatik edota eszedentziengatik beharginek jasotzen dituzten laguntzak ez ezik, enpresei zuzendutakoak ere badaudela. Horrekin, lantokietan kontziliazioa hobetzeko planak ezartzea nahi dute.

Berdintasun sailburuaren hitzetan, ildo ezberdinak ditu martxan Jaurlaritzak; besteak beste, zaintzarako, lana aldi baterako uzten dutenentzako laguntza zuzenak.

2022an, 12.007 pertsonak jaso zituzten laguntzak seme-alabak zaintzeko eszedentziengatik eta murrizketengatik. Horretan, 28,3 milioi euroko inbertsioa egin zuen Jaurlaritzak. Bestalde, 447 lagunek jaso zituzten zuzeneko laguntzak —1,2 milioi euroko inbertsoa—.

2023rako, 420.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute. Horrekin, helburua da 80 enpresa berrirengana eta 4.200 langilerengana iristea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak