Gizartea -
Eguraldia
Uda giroa espero da asteazkenerako, termometroek 25 ºC-ko langa gaindituko baitute
Hego haizea sartuko da gaur, eta bihar zakartu egingo da, tenperatura maximoak igoarazita. Bilbon 28 ºC-ak harrapa daitezke, iragarpenaren arabera. Eguzkia nagusi izango da, gainera.
EITB Media
Udaberria hasi berri dugun honetan, hurrengo urtaroan ohikoagoa dugun beroa izango dugu datozen egunetan, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak eta EITBko Meteorologia zerbitzuak iragarri dutenez. Gaur hasiko dira termometroak igotzen, eta bihar, asteazkenarekin, harrapatuko dute goia: Bilbon, adibidez, 28 ºC-raino igoko direla aurreikusi dute.
Gaur igarriko dugu aldaketa, tenperaturak gorako bidea hartuko baitu. Hegoaldeko haizea nagusituko da, eta horrek, eguzkiaren laguntzarekin, ekarriko du termometroen gorakada. Dena dela, goizean giro freskoa izan dugu —8-9 ºC Bilbon eta Donostian— eta Arabako eta Nafarroako zenbait lekutan hotza egin du —2 ºC izango dituzte Gasteizen, eta 5 ºC, Iruñean—. Tenperatura maximoek, baina, gora egingo dute, eta 21 eta 23 ºC artean errendituko dira beroenak.
Bihar, beste koska bat egingo dute gora termometroek, eta hainbat lekutan 25 ºC-ak ere gaindituko dira. Izan ere, hego haizea zakartu eta bolada gogorrak izango dira haizeguneetan, batez ere ekialdean. Kostaldean, udaberriko giro epela izango da, 25 ºC-ko maximoekin. Bilbon eta barnealdean, aldiz, balio horretatik gora egongo dira termometroak, eta 28 ºC-ko langara ere irits daitezke termometroak. Bitxia bada ere, Araban eta Nafarroa erdi eta hegoaldean ez du horrenbesteko beroa egingo, eta 24 graduren bueltan egongo dira maximoak.
Hori kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du baso sute arriskuagatik.
Etzirako, ostegunerako, gaurko giroa aurreikusi du joerak. Hots, hego haizea apalduko denez, maximoak apur bat jaitsiko dira, eta 20-23 ºC-koak izango dira beroenak.